Prentsa oharra

mmgipuzkoa

“Medikamentuak neurrizko prezioan” legegintzako herri-ekimenaren (LHE) sustatzaile-taldeak, zeinak 23 osasun eta herri-erakundeen babesa duen, 500.000 sinadura lortzeko helburuari eutsiko diola berretsi du. Adierazi dutenez, COVID19k eragindako alarma-egoeraren ondorioz, Hauteskunde-Batzordeak erregulatzen duen sinadurak eskuz jasotzeko araua ezin dute bete. Hala ere, haien ustetan LHEn jasotako eskaerek ez dute gaurkotasunik galdu, hau da, medikamentuen prezioak esleitzean garden jokatzea eta berauen ikerketa publikoa sustatzea.

Ekimenaren helburua da medikamentuen salneurria finkatzeko sistema aldatzea prozesu garden baten bidez, merkatu-balioan oinarritu beharrean, ikerkuntzaren eta fabrikazioaren kostuan oinarrituta. Hala, hiritarrok medikamentuak zer preziotan erosten diren jakingo genuke. Horrez gain, irabazi asmorik gabeko ikerkuntza bultzatu nahi dugu, gizartearen premiak abiapuntu dituena.

Osasun eta ekonomia krisi honetan, zeina gure herrian zein mundu osoan pairatzen ari garen,  neurriak martxan jartzea ezinbestekoa da nahi badugu COVID19ri aurre egiteko medikamenduak eta txertoak garatzeko gaitasuna haztea eta, bereziki, salneurrian espekulazioak eraginik ez izatea.

Ildo beretik, mundu-mailako pandemiak osasunarengan eragindako kalteak konpontzeak lehentasuna duela-eta, azpimarratu nahi dugu Espainiako agintariekin, Europar Komisioarekin eta Munduko Osasun Erakundearekin (MOE) elkarlanean aritzeko dugun borondatea, COVID19a sendatzeko tratamendu espezifikoa edota txertoa biztanle ororentzat eskuragarri izan dadin.

Munduko Merkataritza-Erakundeak (MME), Europar Komisioak eta Espainiar Estatuak patenteak erregulatzeko ezarri dituen arauak eta hitzarmen-komertzialak traba bihur ez daitezen, “Medikamentuak neurrizko prezioan” LHEren sustatzaile-taldeak tratamendua edota txertoa interes orokorrekotzat jotzea proposatzen du, biztanle ororen eskura egon dadin.

Horren ondorioz, ekimena sustatzen duten erakundeek gogorarazi nahi dute egoera honetan ezinbestekoa dela “derrigorrezko lizentzia” izeneko figuraz baliatzea, nazioarteko zuzenbidean eta Espainiako legedian jasota dagoena. Horrek erraztuko baitu Estatuek zein norbanakoek medikamentu, txerto eta bestelako osasun-produktuak arrazoizko prezioan fabrikatzea.

 “Derrigorrezko lizentzia” azkar/ berehala gaitzeko trabarik ez balego, erakundeen iritziz, patente horri jabetza kendu beharko litzaioke interes orokorraren mesederako.