Prentsa oharra

EH Bilduk salatu du udalbatza-aretoaren erabilera antidemokratikoa eta Eneko Goiak Donostian ezartzen ari den gobernantza-eredu autoritarioa


EH Bilduren udal taldetik, lehenik eta behin, gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu alkateak Donostiako Udalbatza aretoarekin egiten duen erabilera antidemokratiko eta alderdikoiagatik. Izan ere, asteak daramatzagu alkateari eskatzen ordezkaritza politikorako eta gobernu-ekintza kontrolatzeko herritarrok eta udal taldeok ditugun tresna demokratikoak, hau da, udal batzarra eta eta udal-batzordeak, martxan jartzea. Azkenean, datorren astelehen eta asteartean udal batzordeak egingo dira, baina ez modu presentzialean, era telematikoan baizik, Udalbatza Aretoak, Goiaren esanetan, ez zituelako segurtasunez bilerak egiteko gutxieneko osasun baldintzak betetzen.

Bietako bat: Edo Eneko Goia eta PSEko kideak arduragabe batzuk dira, eta jendearen osasuna arriskuan jartzen ari dira, edo pandemiaz baliatzen ari dira oposizioko taldeen lana oztopatzeko. Sektore askotatik salatzen ari den bezala, COVID-19ren krisi honetan lehenagotik zetozen arazo sozio-politiko larriak azaleratzen ari dira: zaintza krisia, dependentzia ekonomikoa, lan-prekarietatea… Eta gobernantza-eredu autoritarioen gorakada ere beste adibide bat da.

Bestalde, Udal Gobernuak Donostiako ekonomiako sektore jakin batzuei gaurko bileran aldebakartasunez helarazi omen dizkien – prentsatik jakin dugu – neurri batzuen inguruan kezka agertu nahi du EH Bilduk.

Turismoaren burbuila zulatu egin da pandemiaren ondorioz, eta errealitate gogor batera itzuli da Donostia. Turismo-jarduerak pertsonen mugikortasuna dakar nahitaez, eta, hain zuzen ere, mugikortasuna murriztea izan da COVID-19 birusaren hedapena saihesteko mundu osoan hartutako erabaki nagusietako bat. Zentzu honetan, EH Bildu oso kezkatuta gaude gaur ere garapen ekonomikorako beste eredu baten beharra aipatu ez delako. Izan ere, Donostiak beste inork baino gehiago jasango du krisi hau, hain zuzen ere, turismoaren oso mendeko egitura ekonomikoa duelako.

Langabeziaren datua argigarria da zentzu honetan: lehen aldiz, Donostiak Gipuzkoako eta EAEko langabezia tasa gainditu du. Dagoeneko% 11,5ean gaude, eta Udal Gobernuak are gehiago igotzea espero du. Alderik txarrena, , berriz ere, emakumeek eta 45 urtetik gorakoek eramaten dute; eta langabetu berrien % 56 ostalaritzatik datoz.

Eneko Goiaren Alkatetzan, turismoa Donostiako ekonomiaren motorra izatearen aldeko apustua argia izan da, baina sektore askotatik ohartarazi izan den bezala, apustu arriskutsua zen, bai arlo ekonomikoan, bai sozialean. Pandemia honek agerian utzi du sektore hau oso lurrunkorra dela eta gainera, adituen arabera, krisi honen ondorioa luzerako doaz.

Sektore turistikoa berriz diseinatzeko, jasangarria bihurtzeko eta egindako akatsak ez errepikatzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk. EH Bilduren ustez, lehentasuna lanpostuen galerari aurre egitea eta enpleguaren kalitatea hobetzea da. Baina, epe ertainean, aldaketa estrategikoak sartu beharko dira Donostiako egitura ekonomikoan, turismo-sektorearekiko mendekotasuna murrizteko eta lehentasunezko inbertsio publikoak sektore indartsuagoetara eta etorkizun handiagoa dutenetara bideratzeko, hala nola industria-sektorera, berrikuntzara, zerbitzu digitaletara, nekazaritzara eta “Km0” jardunbideetara, klima-aldaketaren aurkako borrokara bideratutako enpresetara, zainketetara eta sektore soziosanitariora, etab.

Era berean, argia izan da ere EAJ-PSE Gobernu honek Garbera handitzeko eta merkataritzagune handietako beste proiektu batzuk sustatzeko egindako apustua. Izan ere, gaurko bilera egin den Udalbatza-Areto horretan bertan, denda txikien ordezkari batzuk eseri diren leku berdinetan, EAJko eta PSEko zinegotziek behin eta berriz altxatu dute eskua Garbera handitzea baimentzeko eta gure hiriko auzoetako dendei hainbesteko kaltea egin dien azalera handiko beste proiektu batzuk bultzatzeko.

Terrazen araudiaren egokitzapenari dagokionez, inplikatutako alde guztiei entzuteko Eneko Goiak duen borondate falta azpimarratu nahi dugu. EH Bilduk proposamen bat egin du zentzu honetan, sektoreko ordezkariak, auzo-elkarteak eta beste eragile sozial eta politiko batzuk mahai baten inguruan esertzeko. Izan ere, gure hirian kontuan hartu beharreko tokian tokiko errealitate desberdinak daude. Hala ere, beste behin, Goiak bere lehentasun bakarrak zeintzuk diren erakutsi du gaurkoan. Hiriko hainbat auzo-elkarteren gaurko komunikatu bateratua oso argigarria da zentzu horretan.

Hauek horrela, EH Bilduren iritziz, galdera ez da hiria noiz eta zein diru-laguntzekin itzuliko den krisi aurreko egoerara, baizik eta egoera berera itzuli behar duen. Zentzu horretan, asteleheneko batzordeei begira – dagokion tokian egitea espero dugu -, interpelazio bat erregistratu dugu, Udal Gobernuak donostiarrei azaltzeko zer dela eta ez du Donostia Turismoak edo Donostiako Udalak berak, turismoari buruzko hiri-gogoeta ireki eta estrategiko bat abiatu.