Prentsa oharra


Koalizioak laguntza sozialen sistema egokitzeko eskatuko dio Udal Gobernuari, prekarietate egoeragatik sistematik kanpo dauden pertsonak ere bere barne hartu ditzan.

Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako (Ahal dugu, Ezker Anitza eta Equo-k osatutako koalizioa) bozeramaileak adierazi duenez, “Jende asko sistematik kanpo zegoen orain arte, kontraturik gabe edo paperik gabe lan egiten, eta ezin dute gizarte laguntzen sistema tradizionalean sartu. Beraz, pertsona horiek babesik gabe geratzen dira COVID-19tik eratorritako krisiari aurre egiteko “.

Bestalde, Aranetak gogorarazi duenez, koronabirusak eragindako egoera dela eta, Donostiako Udalak etxegabetasun egoeran zeuden 200 pertsona ingururi babesa eman zien. “Hala eta guztiz ere, hirugarren sektoreko elkarteek aldarrikatzen dute pertsona askoren elikaduraz arduratu behar direla, Udala ez baita iristen pertsona horiek artatzera. Gainera, dagoeneko deseskalatzeko fasean gaude, eta Udal Gobernuak oraindik ez du erabaki zer egingo duen pertsona horiek kalean bizi ez daitezen prestatutako baliabideekin. Osasun alerta amaitzen denean berriro kalean bizi beharko al dute? “, galdetu du Elkarrekin elkarteko bozeramaileak.