Prentsa oharra

  • Maiatzaren 12an, Donostiako Udala eta Kursaala argiztatuta egongo dira, Gipuzkoan lan egiten duten 5.295 erizainak omentzeko. Horietatik %93 emakumeak dira, eta batez beste 43 urtekoak.
  • Aurten, erizaintza modernoaren aitzindari Florence Nightingaleren jaiotzaren berrehungarren urteurrenarekin batera egingo da ospakizuna.
  • Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak azpimarratzen du pandemiak berretsi egin duela erizaina zaintzen ardatz nagusia dela.

Donostia-San Sebastián, 2020ko maiatzaren 8a.- Datorren asteartean, maiatzak 12, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan, eta egun horretan bertan ere erizaintza modernoaren aitzindari Florence Nightingaleren jaiotzaren urteurrena ospatuko da, izan ere, 2020an berrehun urte beteko dira hura jaio zen egunetik. Egun hori dela-eta, Donostiako Udalak urdinez argiztatuko du udaletxea eta mezu berezi bat jarriko du Kursaaleko Biltzar Jauregian, Gipuzkoako Elkargoko kide diren 5.295 erizainak zoriontzeko eta eskertzeko.

Nazioarteko Egunaren ospakizuna aurrean dutela, Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialak (COEGI) erizainek mundu osoko osasunaren alde egindako funtsezko ekarpena gogoratu du. Funtsezkotzat jotzen dute osasun politiketako aldaketa, erizainak aginte kateetan sartuta eta osasun baliabideetako inbertsioak handituta. Era berean, profesionalen harrobia sustatzearen alde egiten dute, unibertsitateetan plaza kopurua handituta, eta azpimarratzen dute erizainen ratioa handitu behar dela, bereziki Lehen Arretako zerbitzuetan, Larrialdietako Unitateetan, eta egoitza geriatrikoetan.

COEGIko lehendakari Pilar Lekuonak nabarmendu du erizainok “ez garela soilik asistentzialak”. Nazioarteko Egunean, aitortu behar dugu eta txalotu nahi dugu, baita ere, pandemia honen kudeaketan esku hartu duten gainbegiratzaileen, koordinatzaileen, ondokoen, zuzendarien, kudeatzaileen eta irakasleen lana, ziurgabetasuna, presioa, beldurrak eta tinko heltzeko moduko irizpide komunik egon ez den uneetan erabakiak hartu eta hainbat zeregin bere gain hartu behar izan baitituzte”, adierazi du.

Florence Nightingaleren jaiotzaren berrehungarren urteurrena ere izango denez, COEGIk gogoratu du Florence Nightingale matematika eta estatistikaren zale amorratua izan zela, eta erizaintzak lanbide gisa aurrera egitea lortu zuela, ebidentzia zientifikoa, denborak, portzentajeak, hildakoen kopurua, infektatuak, asintomatikoak eta abar oinarri hartuta.

“Indarrean jarraitzen duen zerbait da hori, eta, beraz, erizainak funtsezkoak gara zorroztasunez aurrera egiteko. Halere, gaur egun deskonfinamendua planifikatzeko batzordeetan ere ez dugu parte hartzen, nahiz eta zaintzen plan egoki baterako beharrezkoak diren estrategiak ikertzeko, irakasteko, planifikatzeko eta kudeatzeko prestatuta egon”, azpimarratu du Gipuzkoako Elkargoko Gobernu Batzordeak.

COEGIk gogora ekarri du Florence Nightingalek osasun baldintzak hobetzeko protokoloak sartu zituela, bai eta higienearekiko obsesioa ere. Behaketaren, entzuketaren eta ulermenaren erdigunean jarri zuen pazientea “eta gaur egun, bakardadeak eta bakartzeak erizainak inoiz baino gehiago zaintzen ardatz nagusiak kokatu dituen une honetan, beren ekarpenak inoiz baino biziago daude”.

“Florence Nightingale emakumeen eskubideen alde eta lanbidearen aitorpenaren alde ere borrokatu zen, eta gaur egun haren estelari jarraitzen diogu, tinko, erizainaren estatusa goratzeko asmoarekin”, adierazi dute COEGIko Gobernu Batzordekoek.

Azkenik, COEGIk jakinarazi nahi du herritarrei eskerrak ematen dizkiela arduratsu jokatzeagatik eta eduki duten jarrera zibikoagatik, eta guardia ez jaisteko eskatzen die. “Covid-19a oraindik ere presente dago, eta ezin zaie errespetua galdu osasun alorreko agintaritzek emandako arau eta jarraibideei, gure artean gorde behar ditugun distantziei eta eskuen eta inguruaren higiene etengabeari, horiek izango baitira pandemia hau geldiarazteko gakoak”, gogorarazi dute.