Manifestua

EUSKAL KOMUNITATE ZIENTIFIKO ETA AKADEMIKOAREN MANIFESTUA

COVID-19a munduan eta Euskal Herrian aurrekaririk gabeko krisia sortzen ari da, pertsona-, jendarte- eta ekonomian kostu suntsitzaileak sortuz. Komunitate zientifikoaren zati handi bat pandemiaren jatorria eta garapena ulertzeko, eta birusaren hedapena geldiarazteko etenik gabe ahaleginean ari den bitartean, eremu akademikotik gaur egungo egoerari buruz dugun ikuspegia plazaratzeko beharra sentitzen dugu, baita lan ildo batzuk proposatzeko ere, iraganean egindako akats larriak berriro ez gertatzeko eta etorkizun berri baten eraikuntzari modu egokian heltzeko.

Zientziak ohartarazi du naturarekin dugun harreman arduragabean sustraitzen dela gaur egun pairatzen dugun krisia. Ezin dugu ahaztu bizitzen ari garen krisi honek bat egiten duela ingurumena eta jendartearentzat larriak diren beste krisi global batzuekin, hala nola biodibertsitatearen galera azkartuarekin edo klima-aldaketarekin, azken hauek anbizio politiko eskasa dela tarteko oraindik konponbide argirik gabe jarraitzen dutelarik. COVID-19aren ondorioetatik osatzeko aukera, bai norbanako zein talde gisa, gure erresilientziaren eta eraldatzeko gaitasunaren araberakoa izango da. Bidegurutze historiko baten aurrean gaude: bide oker beretik jarraitu edo norabidea aldatu. 

COVID-19a eragin sakona izaten ari da, bai maila humanoan baita ekonomikoan ere, neurri handi batean Euskal Herrian ere errotuta dagoen garapen eredu globalaren ondorioz. Eredu honek, bere burua mantentzeko, natura suntsitzearen beharra du, gero eta inpaktu eta ingurumen-desoreka handiagoak sortuz, horri lotuta dauden kostu sozial larriak areagotuz. Gaur egungo eredu ekonomikoaren ahuleziak argi eta garbi ikus ditzakegu ispilu aurrean jarrita: langabezia-poltsa handiak eta lan-prekarietatea, osasunaren eta garapen ekonomikoaren arteko dikotomia faltsuaren imajinarioa, sektore publiko beharrezkoen gaineko presio gero eta handiagoa (hala nola osasuna, hezkuntza edo zientzia arloetan), lan-sektore feminizatuak eta zainketa-sistemaren krisi sakona, finantza-sektorearen eta korporazioen presioak kontraprestaziorik gabe laguntza publikoak jasotzeko, kanpoko elikagaien sektorearen eta banaketa-enpresa handien mendekotasuna areagotzea, informazioaren teknologia berrien bidez gizarte-kontrolari lotutako arriskua handitzea, etab.