Prentsa oharra

Gaur asteartea, maiatzak 12, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan, bat eginik erizaintza modernoaren aitzindari Florence Nigthtingalen jaiotzaren bigarren mendeurrenarekin. Gainera, aurten, Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtea ere ospatuko da. Ospakizunaren harira, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak bi bideo egin ditu, gure lurraldean lan egiten duten 5.295 erizainak zoriontzeko eta euren lanak duen garrantzia erakusteko. Erizainena da Gipuzkoako talde sanitariorik ugariena, gure lurraldean lanean ari diren osasun profesionalen %50 baitira.

Bi bideo horietako lehenean Gipuzkoako gizartearen aurpegi ezagunenetako batzuk dira protagonistak. COEGItik eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, izan duten prestasun, laguntzeko jarrera eta parte hartzeagatik. Honako hauek dira protagonistak: Iñaki Gabilondo, kazetaria; Xabier Euzkitze, kazetari eta bertsolaria; Ainhoa Arteta, sopranoa; Benito Lertxundi, kantautorea; Alex Ubago, abeslaria; Aitor Luna, Gorka Otxoa, Ane Gabarain, Marta Etura eta Nerea Garmendia, aktoreak; Elena Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategui eta Andoni Luis Aduriz, sukaldariak; Nahikari Garcia, Real Sociedadeko emakumeen lehen taldeko kapitaina; Esther Arrojería, Bera Bera eskubaloiko jokalaria eta erizaina; Alberto Gorriz, Realeko futbol jokalari ohia; Denis Itxaso, Gobernuaren ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan; Markel Olano, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Daniel Zulaika, Donostiako Gizarte Kontseiluko presidentea; eta Nerea Ibañez, ASPEGIko presidentea.

Zorionak eta eskerrak emateko mezuen artean, hona hemen bideoko protagonistek erizainei eskaintzen dizkieten zenbait adierazpen: “kategebi gizatiarrena zarete medikuntzaren kate osoan”, “borrokatzeko, laguntzeko, zaintzeko jaikitzen zarete goizero, eskerrik asko”, “nire miresmen handiena erakutsi nahi dizuet eta eskerrak eman nahi dizkizuet egiten ari zareten lanagatik”, “duzuen onena ematen ari zarete hain erabakigarriak diren une hauetan”, “gure txaloak zuentzat dira, zuen lanbidea aukeratzeagatik, eta era nekaezinean eta etika profesionalez aritzeagatik, sarri askotan zeuen osasuna ere arriskuan jarriz”, “eskerrik asko zuen lana hain ondo egiteagatik eta gizartearekin hain eskuzabalak izateagatik”, edo “nire errespetua, miresmena eta maitasuna adierazi nahi dizkizuet”.

Gainera, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak bigarren bideo bat egin du, eta hor agertzen dira erizain gipuzkoarren irudiak, lanean, eta hainbat herritarrenak, erizainek egiten duten lana aitortzen. Bideoan azpimarratzen da “erizainik gabeko mundua ezinezkoa litzatekeela”, eta balioan jartzen dira erizainen konpetentzia ugariak: asistentziaren esparruan, hezkuntzan, ikerkuntzan, kudeaketan, osasun heziketan…

Herritarrek bideoan adierazten dituzten mezuen bitartean, hauek daude: “lan handia ari zarete egiten eta oso eskertuta gaude”, “eskerrak bihotz-bihotzez egindako lan gogorragatik”, “zuek gabe bideraezina izango zen” edo “zuei esker aurrera egingo dugu”.

Eraikinen argiztapen berezia Donostian

Erizainen Nazioarteko Eguneko ekitaldien barruan, Donostiako Udalak urdinez argiztatuko du udaletxea eta mezu berezi batekin Kursaal Biltzar Jauregia, 20.00etatik 23.30era. COEGIk eskerrak eman nahi dizkio Donostiako Udalari Gipuzkoako erizainekin izan duen keinuagatik.

Azkenik, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) lehendakari Pilar Lekuonak, Gobernu Batzorde osoaren izenean, aitortza egin nahi die erizain lankide guztiei eta eskerrak eman nahi dizkie herritarrei erakutsitako erantzukizun eta jarrera zibikoagatik, eta adi egoten jarrai dezatela eskatu die: “Covid-19a ez da joan, hemen egoten jarraitzen du, eta osasun agintariek emandako arauak eta argibideak betetzen jarraitu behar dugu. Zaindu distantziak eta garbitu une oro eskuak eta ingurua, horiek betetzea gakoa izango baita pandemiari aurre egiteko” adierazi du.

Bukatzeko, COEGIk Gipuzkoako erizain guztien doluminak helarazi nahi ditu COVID-19agatik hildakoengatik, eta errespetua, maitasuna eta laguntza haien senitartekoei.