Prentsa oharra

Maiz jendea eztabaidan hasten da itsasoaren kolorearen inguruan, berdea dela, urdina dela, nahasketa bat, argiago edo ilunago, baina egunotan zoritxarrez ez dago zalantzarik marroia da. Horrela esanda txantxetan ari garela pentsa dezake baten batek, baina ez. Tamalez etengabeko jarioa ez da ere txokolatezkoa. Lurraldea lurzoru emankorra galtzen ari da, oso azkar. Odol-hustua bailitzan, ordu gutxian tona eta tona lur galtzen ari gara magaletatik behera, anemia antzeko egoerara kondenatuz gure mendiak, itzulbiderik ez duen prozesuan. Horrela, ehunka edota milaka urteetan sorturiko lurzoruak ordu eskaseren bueltan itsasoratzen dira, bidean ibaiak kaltetuz eta kostaldean inpaktu handia sortuz.

Aitzakia ezin da bilatu tamainako euriteak izan direla esanez, ongi kontserbaturiko berezko basoek horiei eusteko gaitasuna baitute. Gertuko adibide argigarria dugu 100 urte bete berri duen Artikutzako finkan. Han, 200 litro erorita ere errekak zertxobait uherrago jaisten dira, ez garden, baina ezta marroi ere. Enobietako urtegia beterik zenean kolore aldaketarik ez zuen izaten, uraren kalitatea bermatuz. Basoak lurra eta ura babesten ditu. Beherago, Añarben ez da gauza bera gertatzen inguruan etengabe egurra mozten delako soilketak burutuz. Ondorioz, ez da arraroa izaten kolore horiagoak agertzea edota argazkiko atzeko partean ageriko geruza marroia azaltzea. Horrek zuzen eragiten du ur-kalitatean, eta handik Gipuzkoa erdiak handik edaten du. Urtegia beharko lukeena baino azkarrago kolmatatzeko arriskua ere hor dago. Hortaz, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak beste hainbat elkarterekin batera, aspaldi eskatu zuen Añarbeko arro osoa blindatzea eta Artikutzan egin bezala inguru guztia babestea, baita Nafarroa aldekoa ere, bertako basoa berreskuratuz eta bultzatuz. Ingurumen larrialdiaren ondorio zuzena den osasun krisialdi honetatik ikasiko al dugu? XX. mende haserako agintariak egungoak baino azkarragoak al ziren?

Arazoa, ordea, Gipuzkoa osokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko baso politika okerrean datza. Bakar batzuen etekin ekonomikoa hobesten da, denon ondare naturalaren gainetik jarriz. Jabe pribatuek beharbada legez ustiatzen duten egurraren gainean eskubideak izango dituzte, baina airea, ura eta lurzorua ez dagokie, ez da beraiena. Diputazioak eta akolitoek egurraren ustiaketa industriala sustatzen dute, lehen intsignis pinua orain eukalipto inbaditzailea edo kriptomeria. Hori bai denak kanpokoak. Gero bertakoa defendatzen dutela esango digute harro. Hemen sekulako maldak daude baina berdin berdin sustatzen dituzte epe motzeko monokultiboak, pistaz betetzen dituzte mendi magalak eta makineria astuna erabiltzen da. Erabateko mozketak izaten dira eta horixe gertatzen da, ez dela ezer geratzen, maiz lurzorua ere galtzen delarik. Horrela lurra pobretzen goaz, ur-sistemak kaltetuz eta biodibertsitatea galduz. Jauntxo batzuek, maiz hirietan bizi direnak, mozkinak ateratzen dituzte denonak diren baliabide naturalak xahutuz eta mantentzen gaituen biodibertsitatea kaltetuz. Eta gainera egiten dute denon diru publikoak lagunduta. Aldundiak iruzurra egiten die herritarrei. Oraingo agintariekin, Mendietako Zuzendaria buru dutela, atzerapauso ikaragarria eman da baso politikan eta kontserbazioan, denboran 50 urte eginez.

Zenbaezina da galera ekologikoa baina ekonomikoa ere eskutik dator, eta badirudi batzuk oraindik ez direla jabetu osasuna ere biodibertsitateari estu lotuta dagoela. Koronabirusak aldaketarako premia agerian utzi du eta aldaketarako aukera ezin hobea ematen digu. Bada garaia bertako basoaren alde egiteko, monokultiboak baztertzekoa, soilketak mugatzearena eta lurzorua zein ibaiak eta errekak babestekoa. Zain dezagun basoa eta ibaiak garbi ikusiko ditugu, itsasoa urdin eta biodibertsitatea ugari.