Prentsa oharra

Pilar Lekuona, COEGIko lehendakaria

Osasun sailburu Nekane Murgarekin eta Saileko beste arduradun batzuekin izandako bileraren ondoren, eta erantzun zehatzik ez denez egon babesteko material egokiaren falta eta planifikazioari zein kutsatutako erizainen datuei buruz, eta baita ere Erizaintza arriskuko lanbidetzat jotzeko eskaerari eta Covid-19aren agerraldi berri posible baten aurreko estrategia baten definizio faltari buruz, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) Gobernu Batzordeak bere etsipena adierazi du jendaurrean.

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) Gobernu Batzordeak bere etsipena adierazi du jendaurrean, asteazkenean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko beste arduradun batzuekin Gasteizen izandako bileraren ondoren. COEGIk azken asteetan egin dituen eskaera zehatzen aurrean erantzunik ez egoteaz gain, horien artean egonik erizaintza arriskuko lanbidetzat jotzea, Covid-19arekin kutsatu diren erizainen datuak ematea eta babesteko material egokiaren planifikazioa zehaztea, definizio falta ere agertu zen Covid-19aren agerraldi berri posible batean jarraitu beharreko estrategiari buruz.

“Ez digute Gipuzkoan kutsatutako erizainen kopuruari buruzko daturik eman, behin eta berriro eskatu dugun arren, izan ere, Elkargo Profesionala garen heinean, gure betebeharra da gipuzkoar erizainen segurtasuna zaintzea. Iturri ofizialen informazio fidagarria eta kontrastatua behar dugu”, azpimarratu du Pilar Lekuona COEGIko lehendakariak.

Halaber, sarritan saiatu den arren, Elkargoak ez daki zein izango den Sailaren planifikazioa (horrelakorik baldin badago) profesional sanitarioak babesteko material egokien hornidurari dagokionez.

Horrez gain, COEGIren susmoa da, orain arte gertatu den bezala, Osasun Sailak Elkargo Profesionalak kontuan hartu gabe jarraituko duela Covid-19aren pandemiari erantzutea bezain erronka garrantzitsuei aurre egiteko garaian. COEGIk berriro adierazi du une oro laguntzeko prest dagoela, Gipuzkoan kolegiatuta dauden eta gaitzari lehen lerroan erantzuten ari zaizkion 5.400 erizain baino gehiagoren ordezkaria den heinean.

Ildo horretan, COEGIk eskatzen dio Osasun Sailari elkargo profesional sanitarioak kontuan hartu ditzala Covid-19aren agerraldi berri posibleen aurreko estrategia planifikatzeko garaian. “Hemen denok bat egiteko eta laguntzeko gaude. Ontzi batean denok elkarrekin goaz”, adierazi du Pilar Lekuonak.

Lehen Arreta eta eskolako erizainak

Gainera, COEGIko lehendakariak aurreratu duenez, “oso erne egongo gara Lehen Arretaren funtzionamenduari buruz aurki argitaratuko den instrukzio berriaren aurrean, Erizaintzako profesionalei nola eragingo dien aztertzeko, izan ere, gaixotasunaren ezkutu moduan jarduten ari gara”.

Halaber, gaineratu du beharrezkoa dela ikastetxeetan eskolako erizainaren figura sartzeko betebeharra baloratzen hastea –COEGIk urteak daramatza eskari hori egiten–, irailean ikasgeletako itzulera gertatzen denerako. “Horien rola funtsezkoa litzateke txikienen artean higiene eta osasun publikoko ohiturak sustatzeko, bereziki Covid-19ari aurre egiteko”.

Azkenik, COEGIko lehendakariak gogorarazi du “birusa ez dela joan”. Ildo horretan, dei egiten die herritarrei une oro osasun agintarien segurtasun arauak erantzukizunez zaintzeko eta errespetatzeko.