Prentsa oharra

NATURKON-ek (Gipuzkoako 15 elkarte sozial eta naturalista biltzen dituen erakundea, Parkea Bizirik “kukulunbera”-k, dagoeneko haren kide dela eta berak eskatuta), zein Uliako Lore baratzak elkarteak, honako hau AZALTZENN DUTE:


 Duela 5 urte inguru arte, San Bartolome muinoko horma, hiriko sorbeltz arrunten (Apus apus) koloniarik handienaren eta Gipuzkoako garrantzitsuenetakoaren habia egiteko tokia izan dela (1. Argazkia).

 Zentsu ezagunik ez dagoen arren, ehun ale inguruk paretako pitzadurak eta horma-zuloak habiak egiteko erabiltzen zituztela.

 Sorbeltzak, Donostiara apirilaren 28tik maiatzaren 1era bitartean habia egitera iristen direla, eta abuztuaren erdialdean Afrika tropikalera eta hegoaldera itzultzen direla (2. Argazkia).

 Adibide bat jartzearren, Kenyako Victoria lakuaren ingurutik Donostiara iritsi den sorbeltz batek 5.800 kilometroko distantzia egin duela eta, itzultzeko, beste horrenbeste egin behar dituela.

 Harri erorketak ekiditeko eta oinezkoen istripuak saihesteko asmoz, duela urte batzuk horman jarritako metalezko sareak, guztion ondare den kolonia honen ia desagerpena eragin zuela.

 Bikote gutxi batzuek baino ezin izan zutela habiarik egin kontrahormen pitzaduretan, sareak estalita ez zeudelako (3. Argazkia).

 Lehenago ere, hirian beste kolonia bat galdu zela, hau txikiagoa zelarik, pertsonei istripurik ez eragiteko beste sare metaliko bat jartzean, zehazki Urgull mendiko horma naturalean, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eraikinaren atzean (4. & 5. Argazkiak).

 Gure inguruan, etxe-aurreetan SATE eta beste isolatzaile batzuk jartzeak, tradizioz habiak egin dituzten zuloak nabarmen murriztea eragiten duela.