Prentsa oharra

Covid19a pandemia globala bilakatu da. Afrikara ere heldu da, eta, noski, Etiopiara.

Pandemia dela eta, Etiopiako Gobernuak larrialdi egoera aldarrikatu du bost hilabetez; konfinamendua ez da nahitaezkoa izango, baina hainbat jarduera debekatu ditu, nola diren pertsona ugariko bilerak; tabernak eta zinemak itxi dira, telelana sustatu da, tarte soziala, eskuak garbitzea, eta abar. Oraingoz, kutsatu eta hildakoen kopuruak ez dira gure ingurunean bezain larriak; baina zenbait ingurunetan, Somali eskualdea kasuko -non Medicus Mundi Gipuzkoak badaramatzan urte batzuk lanean-, Covid19aren egoera zailtzen ari da zeren lehorte handia baitago (ingurune mortua da berez), eta jendea behartua dago ur ez osasungarrietako iturrietatik edatera, eta ondorioz kolera agerraldi larria ari dira nozitzen oraintxe.

Ezbehar hauei oti izurria gehitu behar zaie; aurrekoa otsailean gertatu zen, eta orain egun batzuk ohartarazi dute beste oti izurri bat sartu dela herrialdean eta soroak suntsitu dituela.

Gaitza gaitzari, orain egun batzuk ere OMS Osasunerako Mundu Erakundeak ohartarazi du sukar horiaren agerraldi bat izan dela; gaixotasun horrek badu txertoa, baina Somali eskualdean apenas dagoen immunizaziorik.

Elikagaien Mundu Programak aurreikusi du Covid19aren 2020. urterako eragin ekonomikoak gosete larria eragingo duela 265 milioi lagunen artean -2019koan izandakoen bikoitza, 135 milioi izan baitziren kaltetuak urte horretan-; nola Etiopia ere jo zuen, espero da oraingo honetan ere berriro joko duela han.

Pandemia arintzeko ekintzak

Somaliko eskualdean berez egoera  larria delarik, eta Covid19aren ondoriok ahalik eta gehien arintzeko, Medicus Mundi Gipuzkoaren bertako bazkide Pastoralist Concern erakundeak bere lehentasunak adierazi ditu; artzaintzan dabiltzan populazio nomadekin lan egiten du, eta prebentzioa helburu duelarik, lider komunitario eta erlijiosoekin lan egingo du, eta emakumeen eta gazteen elkarteekin. Eragile hauen bitartez populazioa trebatu nahi dute infekzioak prebenitzen eta kutsadurak sahiesteko hartu beharreko neurriez. Halaber, Pastoralist Concernek jakinarazi du babes ekipoak erosi behar direla eragile horientzat eta osasun langileentzat (eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak), eta eskuak garbitzeko instalazioak (xaboi likidoa barne) paratu behar direla izurriari aurre egin ahal izateko.

Bide batez, Pastolarist Concern erakundeak Somali eskualdean gerta daitezken Covid19aren kasuak dokumentatu eta haien berri emango du, baita eskualdean izan daitezkeen jardunbide egokien berri ere.