Komunikatua / Prentsa oharra

Donostiako Eusko Alkartasunako Batzorde Eragileak Parte Zaharreko Batzokian eta Altzako Talde Sozialistaren egoitzan gertatutakoa ezagutu bezain laster, bi erasoak gaitzetsi zituen eta EAJren eta PSE-EEren familiei elkartasuna adierazi zien.

Era berean, atzo ere kezka agertu zuen azken egunotan gertatzen ari diren erasoengatik, guztiz onartezinak eta justifikaezinak baitira. Eraso horiek arbuio argia merezi dute, erasotako pertsona edo erakundea edozein izanda ere; izan ere, ekintza horiek demokraziaren aurkakoak dira, atzerapausoa izateaz gain, eta ez diote batere laguntzen gizarte bezala lortu nahi dugun bizikidetza demokratikoari.

Eusko Alkartasunak eta gure toki erakundeak beti gaitzetsi du argi eta garbi giza eskubideen urraketa oro, eta era berean arbuiatu ditu mehatxua, indarkeria eta ilegalizazioa arma politiko gisa, desberdinen arteko elkarrizketa defendatuz.

Horregatik, ez dugu une hau pasatzen utzi nahi sakabanaketaren amaiera eta preso guztiek dituzten eskubideak berriro eskatu gabe. Hala ere, argi eta garbi diogu presoen eskubideen defentsa ezin dela mehatxupean defendatu, etxe partikularren, alderdi politikoen egoitzen edo autobus batean bidaiatzen duten pertsonen aurka. Donostiako gizarteak, euskal gizarteak bezala, ez du iraganera itzuli nahi, mina eta sufrimendua eragin zuen iraganera.

Eusko Alkartasunako Donostiako Batzorde Eragilearen asmoa da gizarte demokratiko bat eraikitzea, non pertsona guztiei Giza Eskubide guztiak bermatuko zaizkien, eta Espainiako estatuak hori bermatzeko urratsak eman behar ditu, alde batera utziz mendekuzko politikak, hala nola sakabanaketa.

Gizarte demokratiko batean, proiektu guztiek hitzaren bidez defendatzeko aukera izan behar dute, horrek jazarpena pairatu gabe.

Hori esanda, Eusko Alkartasunako Donostiako Batzorde Eragileak klase politikoaren artean enpatia handiagoa izatea eskatzen du, eta bizikidetza demokratikoari laguntzen ez dion ekintza oro irmotasun berarekin salatu, kondenatu edo arbuiatzea.