Erakunde Adierazpena

COVID-19ren pandemiak sortutako osasun-krisiak eragin handia du espetxean dauden pertsonengan. Testuinguru horretan, nazioarteko erakunde garrantzitsuek espetxeei buruzko neurri espezifikoak hartzera premiatzen dute. Horren adibide dira, besteak beste, Osasunaren Mundu Erakundea, Giza Eskubideen Goi Komisarioa eta Tortura eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak prebenitzeko Nazio Batuen azpibatzordea, Tortura Prebenitzeko Batzordea, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioa eta Estatuko presoekiko giza eskubideen eta elkartasunaren erakunde eta elkarteak. Horiek guztiek azpimarratzen dute askatasuna gabetzearen aurrean alternatibak hartu behar direla, presoak espetxetik ateratzea barne, era berean premia espezifikoetara egokitutako arreta medikoa bermatu behar dela ere, batez ere, talde kaltebera edo arrisku-taldeei zuzendutakoa: adinekoak eta aurretiazko patologiak dituztenak.

Era berean, egiaztatu dugu Europako zenbait estatuk ildo horretako neurriak hartu dituztela, edo diseinatzen ari direla. Horiei dagokienez, Espainiako Estatua presoen tasa globalik altuena dutenen artean dago (126 preso 100.000 biztanleko), emakumeen ratio handienetakoa (presoen %7,5), atzerritarrak (%28,1), 50 urtetik gorakoak (%20), desgaitasun psikiko edo fisikoa dutenak (%5,17), bai eta espetxealdiaren batez besteko iraupen altuenetakoak (21 hilabete) ere. Beraz, uste dugu tarte handia dagoela, pandemiari eraginkortasunez aurre egiteaz gain, espetxeratze-estatistika aurrerakoiagoetara hurbiltzeko. Jakin badakigu, Barne Ministerioak neurriak iragarri dituela hirugarren graduan dauden eta gaua espetxean igaro behar duten pertsonek kartzelara itzuli behar ez izateko. Baina kontrol telematikorako gabeziak direla eta, 3.000 preso ingururi bakarrik aplika dakiekeela.

Hala eta guztiz ere, uste dugu kutsadurak geldiarazteko eta birusaren hedapena saihesteko eskubideak murrizten dituzten neurriez gain (horien beharraz eta aukeraz inork ez du zalantzarik), Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak neurri alternatibo sakonagoak hartu beharko lituzkeela presoen osasuna bermatzeko, ahulezia bereziko kolektibo edo arrisku-talde batzuen irteera malgutuz, bai eta espetxetik epe laburrean aterako direnak, euren konfinamendurako baldintza egokiak izan ditzaten gainontzeko herritarrek duten egoera berdinean.

Hala, ekimen honen sustatzaileek uste dute guztiz lehentasunezkoa dela espetxetik ateratzeko neurri zorrotzagoak hartzea, presoak espetxeak ematen dizkien baino espazio osasuntsuagoetan, arreta eta zaintza baldintza profilaktikoagoetan eta osasun aldetik baldintza egokiagoetan egon daitezen.

Neurri horiek, lagungarriak dira birusa presondegietan ez zabaltzeko, osasun-baliabide urriak eta presondegietako tentsioa arintzeko, eta aldi berean, familia eta gizartearekin presoek dituzten harremanak errotu eta indartzeko. Espetxean egiaztatu diren kasuek zorigaiztoko amaiera izan baino lehen hartu behar dira prebentzio neurriok, gaur arte tamalez gertatu diren horietatik haratago ez joateko.

Espetxeetako araudiak hainbat bide eskaintzen ditu COVID-19aren arriskuagatik planteatutako salbuespenaren aurrean modu humanitarioan erantzuteko, hala nola hirugarren graduko sailkapen humanitarioa (PAko 104.4. artikulua eta KP 36.3), aurretiazko patologia serioak, kronikoak edo adinagatik larriagotuak (65 urtetik gorakoak) dituzten eta pandemiarekiko bereziki kalteberak diren pertsonei zigorra etxean bete dezatela agintzeko. Oro har, ZKko 86.4 artikuluan eta ZRko 100.2 artikuluan aurreikusitako modalitatea aplikatuko zaie; 3. graduan sailkatuta daudenei, edo lehenbailehen berrikusi beharko da gaur egun 2. graduan sailkatuta dauden eta baimenak hartzen ari diren eta gizarteratzearen aldeko pronostikoa duten pertsonen gradu-sailkapena, berehala 3. gradura iristeko.

Ildo beretik, ZKren 91. artikuluaren bidez, zigortutako pertsonen egoera indibidualak berrikusiko dira, eta Tratamendu Batzordeek baldintzapeko askatasunaren proposamena helaraziko diete epaitegiei, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten barnekoei, berrerortzeko arrisku handirik ez dutenei edo/eta gizarteratzeko aldeko pronostikoa dutenei, hirugarren graduan sailkatu ondoren.

Horregatik guztiagatik, ERAKUNDE ADIERAZPEN hau aurkezten dugu behean sinatzen dugun udal taldeetako bozeramaileok, hurrengo udalbatzarrean eztabaidatua izan dadin, eta Espainiako Gobernua premiatzen dugu neurri hauek har ditzan:

1- Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio, bere ahalmenak erabiliz, ordenamendu juridikoaren barruan eta nazioarteko erakundeen gomendioei jarraituz, presoak espetxetik ateratzeko neurri egokiak har ditzala, bereziki COVID-19ren aurrean kalteberatasun berezia dutenak, zehazki, pandemia kutsatzearen aurrean arrisku-taldeak osatzeagatik 65 urtetik gorako adinagatik aurretiko patologia serioak, kronikoak edo larriagotuak dituztenak.

2- Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio neurriak har ditzala, delituaren tipologia edo larritasunetik eratorritako inolako salbuespenik gabe, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak espetxetik ateratzeko, berrerortzeko arrisku handirik ez dutenak edo/eta gizarteratzearen aldeko pronostikoa dutenak, familia-baliabideekin edo hurbileko gizarteinguruneko baliabideekin, konfinamendua gizartearen baldintza berberetan egiteko.

3- Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio Osasun, Justizia eta Herrizaingo sailen arteko koordinazioa bermatu dezala, babes-neurriak orokortzeko, prebentzio sintomak aztertzeko eta espetxean dauden pertsonen diagnostiko azkarra egiteko. Berehala sare publikoko ospitaleetara bideratuko dira COVID-19 gaixotasunagatik positibo ematen duten edo sintomak dituzten pertsonak.

4- Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio osasun-krisiak irauten duen bitartean berma dezala presoei informazioa emateko eskubidea, pandemiaren garapenari eta hartutako neurriei buruzko ezagutza eguneratua eta eskuragarria eskainiz, bereziki espetxeen barruan, birusaren hedapena prebenitzeko eta geldiarazteko. Era berean, presoen eta senideen arteko zeharkako komunikazioa hedatu behar da, telefono-deien doakotasunarekin, eta bideo-deien erabilera zabalduz gaixotasun edo familia-larrialdiagatik ezarritako egungo murrizketetatik harago.

5- Donostiako Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio, pandemia piztu aurreko normalizazioaren bila deseskalada hasten denean, kontuan har ditzala askatasunik gabe dauden pertsonak, eta arindu daitezela presoek beren familiekin eta abokatuekin zuzeneko komunikazioei berrekiteko erabakiak. Ildo horretan, beharrezko urratsak eman behar dira hala eskatzen duten presoak euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara hurbiltzeko. Ez bakarrik beren eskubidea delako, baizik eta presoen komunikazioak normalizatzeko eragozpen erantsi bat delako. Presoak beren familiengana geografikoki hurbiltzea; horretarako, beharrezkoa da beste garraio-mota batzuen antzeko higiene- eta segurtasun-neurriak dituzten garraiobideak berreskuratzea. Hurbilketa hasi beharko litzateke etxetik urrunen dauden presoekin eta semealaba adingabeen gurasoekin.