Prentsa oharra

Beste aldera begiratzeari uzteko eta maiatzaren hasieran erraustegiaren isurketa kutsakor baten ondorioz zeharo erreta geratu zen Arkaitzerrekaren lehengoratze-lanak sustatzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari.

Honako mapa honetan argi eta garbi ikus daitekeen bezala, Arkaitzerreka ia oso-osorik Donostiako udalerrian dago, Oriarekin bat egiten duen azken zatian izan ezik, zati hori Usurbili baitagokio. Halaber, erraustegia, isurketaren abiapuntua, Donostiako udalerrian dago:

Isurketaren larria ikusita, mobilizatu zitezkeen eragile guztiak mobilizatu dira. Bai URAk bai Aldundiko Basozaintzak espediente bana ireki dituzte; Usurbilgo Udalak hasiera-hasieratik jarraipena egin eta laginak ere bere kabuz hartu eta aztertu zituen; Fiskaltzak gaia mahai gainean du, Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzkiren ekimenez, isurketa ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelako. “Eragile guztiak”, esan dugu, baina guzti-guztiak? Ez, paradoxa bada ere, Donostiako Udalak ez du ezer esan, errekarekin eta erraustegiarekin berarekin zerikusirik izan ez balu bezala.

Horregatik, Eguzkik Donostiako Udalari idatziz eskatu dio lan egin dezala gertaerak argitzeko, erantzukizunak zehazteko, antzekorik berriro ez gertatzeko

eta, batez ere, Arkaitzerrekaren lehengoratze-lanetan modu proaktiboan jokatzeko. Horretarako eskumenak baditu eta. Kontuan izan behar da isuriak argien kaltetu duen espeziea aingira (Anguilla anguilla) izan dela. Aingiren populazioak biziraupen-muga biologikoen azpitik daudelako, Kontseiluaren 2007ko irailaren 18ko 1100/2007 (EE) Erregelamenduak babesten ditu Europar Batasunaren eremuan. Hain zuzen, Erregelamendu horri jarraituz, 2010etik indarrean dago Euskal Autonomia Erkidegoan Aingira Suspertzeko Kudeaketa Plana. Plan horren helburuei ez die batere mesederik egiten, noski, Arkaitzerrekan gertatutakoak.

Bestalde, maiatzaren 9an herritar batzuek errekan arrain asko hilik zegoela ikusi eta salatu egin zuten. Maiatzaren 10ean, GHK-k, erraustegiko gunearen arduradunak, isuririk egin izana irmo ukatu zuen. Maiatzaren 14an, ordea, ukatzen jarraitzerik ez zegoela ikusirik, GHK-k isuria onartu egin zuen. Argudiatu zuen ontzi bat amoniako deskargatzen ari zen “kanpoko hornitzaile” batek eragin zuela isuria. Nolanahi ere, bietako bat: edo GHK hasieran isurketa ezkutatzen saiatu zen, eta hori oso larria litzateke; edo, sinetsi behar badiogu, astebete behar izan zuen isurketa latz baten erantzulea zela jabetzeko, eta hori aurrekoa bezain larria litzateke. Izan ere, ez ote zen hau kutsadura-iturri guztiak zorrotz baino zorrotzago kontrolatzen zituen erraustegi miragarria? Bata ala bestea izan, guk argi dugu: Arkaitzerreka ondotik pasatzen arrainak hilik ikusi eta abisatu zuten pertsona haiei esker izan ez balitz, isurketa isilpean geratuko litzateke.