Prentsa oharra

Maiatza joan zaigu eta 22an biodibertsitatearen eguna ospatu edo, egin genuen eta ostiralean, ekainak 5, ingurumenaren eguna ate joka dugu. Baina koronabirusak gogor jo digun honetan ez du ematen gehiegi ikasi dugunik. Presa handiz itzuli nahi dugu normaltasuna deritzogun pandemia aurretiko egoerara, miopia handia dugula erakutsiz. Ez dugu ikusi nahi normaltasuna diogun hura zela arazoa eta sistema errotik aldatu beharra dagoela. Agerian gelditu da honezkero biodibertsitatearen eta pandemien arteko lotura zuzena eta, ondorioz, bera dela inbertsiorik onena. Naturak, ondo kontserbaturiko ekosistemek, babestu egiten gaituzte. Bai, biodibertsitateak helburu nagusia behar luke geure biziraupenaren beraren bermea baita. Momentuz, ordea, bide horretatik doan inongo neurririk edo planik ez dugu ikusi. Kontrakoa, azkar batean ekin diogu ingurune naturala erasotzeari mota guztietako inpaktu handiko lanak berrabiaraziz. Aisialdirako eremuetan ere zaborrak barreiatuta eta bazterrak zikintzen aurkitu ditugu. Horrela, nora goaz?

Airearen kutsadura eta koronabirusaren eraginaren arteko lotura ere nabarmen gelditu da eta ikerketa ezberdinek azpimarratu dute. Atmosferan poluitzaile maila altuak dituzten hirietan gaixoen kopurua eta horien larritasuna biderkatu ei da. Harrituta ikusi genuen itxialdiarekin batera airearen kutsadura zein azkar jaisten zen. Horrek gure bizi kalitatean eta gure osasunean eragin zuzena du eta bestela galdetu diezaiotela esaterako arnasbideetako gaixotasun kronikoak dituztenei. Etxean geunden eta zerbait aldatu behar zuela, zerbait aldatuko zela zabaltzen hasi zen, denak asmo onak baino hobeak ziren. Usteak ustel! Txinan, hiri erraldoi haietan jasaten duten airearen kutsadura maila ikaragarria desagertu zen eta urrutira ere begiratzea eta ikustea bazegoen. Aipaturiko normaltasun madarikatua itzultzearekin batera gasen eta poluitzaileen isurketa biderkatu egin da eta une honetan pandemia aurretik neurtutako mailak gainditu egiten ari dira. Gurean ez da ezberdin gertatu eta errepideetan autoen joan-etorriak etengabeak dira, trafiko eroak kaleak eta autobideak gogo biziz hartu dituelarik. Hiri eta herrietara zarata eta kea itzuli dira eta haiekin bakeak alde egin du. Azkar-azkar, ez dakigu nora, baina azkar!

Naturak izandako atsedena amaitu da, hark berreskuraturiko tokia di-da galdu du berriro. Une delikatuan askatu gaituzte eta gure mendi goseak arriskuan jarri du espezie ugariren ugalaldia, bete-betean harrapatu baitugu. Asko gara eta nahi gabe ere presio ikaragarria eragiten dugu ingurune naturalean. Gainera oraingoan, denak batera eta gogo biziz, bihar mundurik ez balego bezala, irten gara eta berehala zabaldu dira erasoak eta inpaktuak. Galdera ugari bururatu egiten zaizkigu, baina bakar batean labur litezke: zerbait ikasi al dugu?

Gogoeta eskatzen dugu, baina batez ere ekintzak. Geuk eragindako klima aldaketa ate-joka dugun honetan berehalako aldaketak behar ditugu eta eginbideak zeharo aldatu behar dira. Honezkero gure jardunaren ondorioak ezagutzen ditugu eta ezer gutxi aldatuko da egiteko moduak eta paradigmak aldatzen ez baditugu. Biodibertsitatea ezinbesteko dugu eta inbertsiorik errentagarriena izango da beti. Politikariek dute erantzunkizun nagusia, baina herritarrok ezin diogu norbanakoarenari muzin egin. Aldarrikatu dezagun beste mundu bat, posiblea da eta!