Prentsa oharra

Saioa Bandres: “Basozainek gure baso eta mendien zainketa lana nabarmendu nahi dugu. Suteak detektatu eta prebenituz, eta gure natura-ingurunea zaintzeko aholkularitza eta kudeaketa teknikoa emanez”

“Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu, basozainek dituzten funtzioak eta agintaritzaren agente gisa duten eskuduntza gaur egungo beharretara egoki ditzala“ adierazi du, Saioa Bandres EAJ-PNVren batzarkideak, Gipuzkoako basozainen egoera hobetzeko proposamenaren inguruan. “Uste dugu beharrezkoa dela Plan Integral Orokor bat egitea, Baso Zaintza Zerbitzua modernizatu eta profesionalizatzeko egungo eta etorkizuneko beharrak kontuan hartuta”.

“Gure basozainek egiten duten lana nabarmendu nahi dugu: gure baso eta mendien zaintza, suteak detektatu eta prebenitzeko lana, eta gure ingurune naturala mantentzeko aholkularitza eta kudeaketa teknikoa ematea”. “Baina ezin dugu ahaztu, aipatutako lan horretaz gain – adierazi du ordezkari abertzaleak – basozainek agente administratibo eta judizialaren funtzioak ere betetzen dituztela, eta, beraz, etorkizunari begira beren funtzioak egokitu eta eguneratu behar ditugula”.

Halaber, Saioa Bandres EAJ-PNVko batzarkideak Estatuak arlo honetako eskumen propioetan duen esku-hartzeaz hitz egin du: “Joan den abenduan jakin ahal izan genuen, Guardia Zibila Euskadirako ingurumen-lanetarako talde espezifiko bat antolatzen ari dela, EPRONA izenekoa, Espainian jarduten duen SERPONAren antzekoa. Irmo esan behar dugu ez dugula horrelako esku-hartzerik onartuko gure eskumen-esparruan”.

“Azkenik, gogoratu nahi nuke – amaitu du EAJ-PNVko ordezkariak – joan den urtarrilaren 13an basozainen ordezkaritzaren agerraldia jaso genuela Batzar Nagusi hauetan. Bertan, aipatu zizkiguten beste gai batzuen artean, bi azpimarratu nahi nituzke: prestakuntza eta bitarteko falta. Eta argi dugu entzun genuenaren harira, prestakuntza funtsezkoa dela Basozaintza Zerbitzu modernizatu eta profesionalizatu bat diseinatzeko”. “Amaitzeko, nabarmendu nahi dugu, Basozaintza Zerbitzua modernizatu eta profesionalizatzeko plan integrala eta parte-hartzaile bati ekiteko talde politiko guztiek aho batez hartutako akordioa”.