Prentsa oharra

EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeetako Markel Ormazabal eta Haizea Garay zinegotziek Santa Klara uharteko itsasargiaren obrak inguruan eragin dituen kalte larrien inguruan galdetuko diote alkateari Udal Batzordean, herritarrei azalpenak emateko.


EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako udal taldeek adierazi dutenez, irlaren goiko aldean kalte larriak izan direla egiaztatu ahal izan dute asteburu honetan grabatutako bideo baten bidez .

Haizea Garay Elkarrekin Donostia koalizioko zinegotziak gogorarazi duenez, itsasargiko obraren aurrean oso kritiko agertu dira hiriko hainbat eragile. Ildo horretan, hainbat talde ekologistak behin eta berriz eskatu zuten ingurugiroaren babesa blindatzeko. Hala ere, “Udal gobernuak ez ditu eskaera horiek entzun, eta orain inguru natural honi egindako eraso larri honen berri izan dugu”, kritikatu du Garayk.

Era berean, Elkarrekin Donostia taldeko zinegotziak gogorarazi du Santa Klara uhartea babes bereziko eremua dela Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera. Izan ere, irizpide orokorra “ekosistemaren kontserbazioa, esku-hartze antropikoa mugatuz, ezaugarri morfodinamikoen kontserbazio zorrotza eta landarediaren kontserbazio aktiboa sustatuz” izan behar da. Beraz, Santa Klara uhartea balio handiko eremua da naturaren kontserbaziorako ikuspegi batetik.

Hori dela eta, 2019ko uztailean, bi udal taldeek Eneko Goia alkateari eskatu zioten beharrezko neurriak har zitzala uhartearen ingurumena babesteko, haren babes bereziko kategoria kontuan hartuta, eta urtea amaitu baino lehen aurkez zezala uharteko proiektu eskultorikoaren ingurumeninpaktuari buruzko txosten bat, ingurunea babesten dela ziurtatzeko.

Ondoren, iazko urrian, ezkerreko bi koalizioetatik “obra geldiaraztea eskatu genuen, besteak beste, itsasargiaren eraikineko obrak ingurumenean izango zuen eraginari buruzko plan bat eskatuz. Baina alkateak plana baztertu zuen; izan ere, bere hitzetan, esku-hartzea itsasargiaren eraikinaren barrualdera mugatzen da eta, beraz, ingurunea errespetatuko zen”, gogorarazi du Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak.

Kezka horiez galdetuta, Cristina Iglesiasek berak hedabideen aurrean adierazi du “ulertzen” dituela, eta zentzu honetan, nabarmendu du obraren asmoa dela “natura kontserbatzearen aldeko balioak transmititzea”. Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzi Jon Insaustik, esaterako, ondorengoa ziurtatu zuen 2020ko urtarrilaren 10ean hedabide batek argituratutako erreportajean: “Proiektua aurkeztu zenetik Cristina Iglesias sortzaileak adierazi zuen bere esku hartzeak ez zuela eraginik izango irlaren morfologian, ezta itsasargiaren kanpoko itxuran ere”. Baina jatorrizko asmo hau betetzea, sortzaileren ardura baino, lanen jarraipena eta gauzapena ziurtatzea dagokion erakundearena da. Eta ardura, kasu honetan, Donostiako Udalarena da.

Hala ere, proiektuak aurrera jarraitu du eta Udal Gobernuak ez du egin uharteko itsasargiko proiektu eskultorikoaren ingurumen-inpaktuaren txostena, 2018ko azaroan osoko bilkuran onartutakoa, eta ez du inolako ekintzarik egin uharteak behar duen ingurumen-babesa bermatzeko. “Alderantziz”, adierazi du Ormazabalek: “Egiaztatu ahal izan duguna da alkateak erakutsi duen axolagabekeriak ingurumen kalte larriak eragin ditu uhartean”.

Hori dela eta, Ormazabalek eta Garayk jakinarazi dute ekimen bat aurkeztuko dutela Udal Batzordean, alkateari “uhartearen ingurune babestu eta bereziari egindako eraso larri honen arrazoiari buruzko azalpenak eskatzeko”. Izan ere, ikusitakoak ikusi ondoren, zeinek hartuko du bere gain itsasargiaren inguruko eremu zabalean egindako txikizioaren ardura? Eztabaidaren lehen minututik Donostiako alkate Eneko Goiak proiektuaren aldeko defentsa itsua egin du. Onartuko al du orain alkateak eskatzen genuena zentzuzkoa ez ezik, beharrezkoa ere bazela? Bere gain hartuko al du uharteko eremu naturalean proiektu honen lanek eragin duten kaltearen ardura? Eta gure ustez garrantzitsuena dena, Covid-19 birusak eragindako krisi testuinguruan Udala murrizketak iragartzen hasi den honetan, zein asmo ditu proiektu honekiko? Aurrera jarraituko du egitasmoarekin?