Prentsa oharra

Donostiarren segurtasunarengatik, Eneko Goia Donostiako alkateari eta Eusko Jaurlaritzari metroaren pasantearen zati guztietako lanak berehala gelditzeko eskatu die EH Bilduk. Obrekin modu batera edo bestera lotutako istripuen enegarren kapituluaren aurrean gaude. Horietako azkena eremu bereko ur-bide bat izan da, eta herenegun bertan izan genuen horren berri sare sozialetan. Izan ere, istripuen larritasuna in crescendo doa eta obra gelditzeko eta segurtasun guztia birplanteatzeko ordua iritsi da.

Hasiera batean, EAJ-PSEren Udal Gobernuak gertatuak ez zuela “metroaren obrekin zerikusirik” esan du, baina azkenean onartu egin behar izan dute obrak izan direla istripuaren arrazoia. Izan ere, langileak eta bizilagunak zuloaren jatorriari buruzko testigantza argiak zabaltzen ari ziren.

Era berean, ezin ditugu ahaztu sindikatuek salatu dituzten lan-baldintza gogorrak. Eta alarma egoeran bertan, eraikuntzarekin lotutako jarduera guztiak geldiaraztea agindu zen egunetan obrekin jarraitzeagatik salaketak daudela. Izan ere, metroaren igarobidearen obraren inguruan gardentasun ez da nagusi.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Eneko Goiaren premiazko agerraldia eskatuko du, Donostiako herritarrei azaltzeko zer gertatu den eta, batez ere, zer neurri hartuko dituen Donostiako Udalak herritar guztien segurtasuna bermatzeko, bereziki metroaren pasantea igarotzen den eraikinetan bizi diren pertsona guztien segurtasuna.