Prentsa oharra

Gaur egin da Gladys Enean Eguzkik eta Gladys Gogoanek urtero Gladys del Estalen omenez antolatzen duten ekitaldia. Aurtengoa 41garrena izan da.

Antolatzaileek osasun-krisiaren ondorioz omenaldian hainbat aldaketa egin behar izan dituzten arren, ez dira falta izan aurreskua, lore-eskaintza eta kantak.

Gaur egungo egoerari buruzko ohiko irakurketa ere ez da falta izan. Honi dagokionez, antolatzaileek zera nabarmendu dute:

“Gladys ez dugu gutako bat izan zelako bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat. Izan ere, osasun-krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen-, kontsumo- eta bizi-modu aldaketa baten beharra. Aldaketa hori egin ezean, ‘normaltasun berria’ normaltasun zaharra baino ez da izango. Hori bai, maskararekin. Eta maskara horren atzean, krisi ekologikoa zorroztuko da, prekarietate eta desberdintasun sozialak areagotuko dira, herritarrak ahulagoak eta beldurtuagoak sentituko gara, eta, jakina, sentimentu horien anparoan, askatasuna murriztuko da, segurtasunaren edo, hobeto esan, sekurokraziaren hobe beharrez”.

Honako hau gehitu dute:

“Egunotan, behin baino gehiagotan entzun dugu konfinamenduak balio izan duela benetan garrantzitsua zer den konturatu gaitezen, konfinamendutik biziberrituak atera garela eta, ondorioz, norbanako gisa eta gizarte gisa gauzak aldatu egin behar direla onartu dugula. Ematen hasi diren pausoak, berriz, kontrako norabidean doaz. Pandemia aurreko normaltasun anormala lehenbailehen berreskuratzeko lasterketa zoroan gaudela ematen du”.

Gauzak horrela, ekologistek aktibo izatera deitu dute, “aktibo izan gabe, eragin gabe, nekez gauzatuko dira beharrekotzat jotzen ditugun aldaketak. Guk normaltasun berri benetan berria behar dugulako”.

Zaldibar ere gogoan

Antolatzaileek Zaldibar espresuki aipatu dute. Izan ere, gaur, hura gertatu eta lau hilabetera, inguru hartako herri guztietan mobilizazio-eguna dute eta Gladys Enean bildutakoek elkartasuna adierazi nahi izan dute.