Prentsa oharra

Sistemak Donostia Sustapenaren babesa du, eta Covid 19ren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei (merkataritzari eta ostalaritzari) laguntzeko neurri gisa sortu da. Ibilgailu jasangarriak izango ditu (bizikleta eta kotxe elektrikoak), eta tarifa lehiakorrak eskainiko ditu.

Donostiako Ekonomia Suspertzeko Plana (PREK) Donostia Sustapenak jarri du abian, Covid 19k eraginiko krisiaren ondoren. Plan honek hainbat neurri aktibatu ditu kalterik gehien jasan duten hiriko ekonomia sektoreei laguntzeko, bereziki merkataritzako eta ostalaritzako enpresa txikiei, helburu nagusia izanik haien jarduera suspertzea eta enpleguari eustea.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Enrique Ramosek adierazi zuenez, “neurri bat gehiago da hau, gure negozioei laguntza emateko egoera hauetara eta pertsonen erosketa ohitura berrietara egokitu daitezen. Tresna honi esker, saltokiek zerbitzu eraginkorra, jasangarria eta berritzailea eskaini ahal izango dute, eta lan bermeak izango dira zerbitzua ematen duten pertsonentzat”.

Lehendik hor dugu Donostia Market Plaza plataforma, erosketa bonuak eskaintzen dituena % 30eko deskontuarekin eta etxerako zerbitzua duten saltokien zerrendarekin; orain, horrekin batera, tresna bat gehiago ere badugu: tokiko zerbitzu bat, hiriko negozioek beren eskariak etxera entrega ditzaten.

Tokiko ekimen honek garraio zerbitzu bat eskaintzen die nahi duten saltokiei, hauek beren eskariak etxera banatzeko aukera izan dezaten. Paketeak zero isuriko garraiobideetan joango dira, bai bizikletetan bai kargako ibilgailu elektrikoetan. Hori bat dator mugikortasun jasangarriaren aldeko udalaren estrategiarekin eta Donostia Sustapenak bultzatzen duen Smart hiriaren planarekin.

Paketeak bizikleta edo ibilgailu elektrikoetan joango dira; erdigunean, Grosen eta Amaran bizikletan, moto elektrikoan edo kargako trizikloan; hiriko gainerako zonetan, furgoneta elektrikoak edo beste ibilgailu elektriko batzuk erabiliko dira. Erabiliko diren ibilgailuak lehenesteko orduan, zerbitzu eta ibilbide mota hartuko da kontuan. Furgonetak lantzagailu edo biltegi mugikor moduan erabil daitezke, hiriko beste gune lauetan bizikleta bidezko banaketa optimizatzeko.

Ekimen hau tokiko enpresa batek garatzen du, eta abian jartzeko hasiera batean langile batzuk izango ditu, lan kontratua duten 6-9 pertsona, zuzenean banaketan lan egiten dutenak; pertsonal hori areagotu egin beharko da jasotzen den eskari kopuruaren arabera.

Horrez gain, zerbitzuak eskatzen duen logistika edo kudeaketarako behar diren langileak egongo dira.

Paketeak banatzeko zerbitzua 24 orduko epean ezarriko da, edo egunean bertan, presazko tarifa kontratatzen bada. Galkorrak ez diren salgaiak bana daitezke, baita fruta, elikagaiak eta loreak ere. Ez dira banatuko elikagai beroak edo izoztuak.

Beren produktuak hirian bertan entregatu behar dituzten Donostiako saltoki guztientzat da zerbitzu hau, eta, zalantzarik gabe, bitarteko baliagarria izango da etxerako zerbitzua eskaintzen duten eta Donostia Market Plaza plataformarekin bat eginda dauden saltokientzat.

Udala eta Donostia Sustapena bigarren fase bat lantzen ari dira, Donostia Market Plaza garatu eta e-commerce plataforma bihurtzeko. Bertan, Donostiako enpresa txiki guztiek izango dute beren merkataritza gunea. Hori da ezarri duten helburua Donostiako empresa ehunaren digitalizatzeari eta berrikuntzari laguntzeko, ehun hori aldaketa handiak ari baita izaten kontsumo ohitura berrien eraginez. Online merkataritzak hainbat abantaila eskaintzen ditu, adibidez, enpresen merkatu naturala hiritik haratago zabaltzea, ustiapen kostuak murriztea, askoren arteko sustapena eta ordutegi eta egunen mugarik gabeko jarduera, besteak beste; abantaila horiek aukera egokia dira berritzeko eta zigilu propioarekin lehiatzeko gero eta sofistikatuagoa den merkatuan.

Etxerako zerbitzuan interesa duten enpresak zerbitzu hori ematen duen enpresarekin harremanetan jarri beharko dira:

Emaila: reparto@txita.com

Telefonoa: 943 275 585

Whatssapa: 606 607 363