Prentsa oharra

Herritar agurgarriak:
Donostiako Santa Klara uharteko ondare eta ingurumen erasoei buruzko irudi debekatuak bidaltzen dizkizuegu. Debekatuak esaten dugu, zeren eta uharteak, kai-muturrak izan ezik, obrak direla-eta, jendearentzat hesi batzuen bidez hilabeteak erabat itxita baitaramatza. Sartzeko debeku horren atzean asmo politikoa (udal-gobernua) eta profesionala (funts publikoekin diruz lagundutako negozio pribatua), ezkutatzen da; hau da, herritarrek bertan gertatzen denari buruzko iritzi zehatza izatea galaraztea.

Donostiako erakunde ezagun eta eskarmentu handiko batek 2020ko maiatzean irudiak grabatu ditu eta, establishment-aren edo ezarritako boterearen beldur, anonimotasunean mantentzea erabaki du, sare sozialetan gizarteratu baditu ere. Iturri batzuen arabera, irudien egileak txoko eder eta enblematiko horretan Naturari egindako erasoa in situ egiaztatzean, bai uhartean, bai etxera itzultzean, ezintasunak eta saminak jota negar zotinka aritu dira. Zuek zeuek esteka honetan irudien egiazkotasuna ikus dezakezue: https://youtu.be/7mSWCyzxdSs

Bideoak eta argazkiak mugikorretik mugikorrera salto egin ahala, haserre bilakatu dira. Erakunde naturalistekin zerikusirik ez duten pertsona asko, jendearen samina eta ingurumenaren kalteak geldiarazteko asmoz bideoak birbidaltzen ari zaizkigu. Makineria astuna erabilita, berdegunearen kaltetan, bideak zabaldu dituzte eta, goiko belardia zena, orain landaretzarik gabeko lur-mugimendua da, glaziarmuturra gogorarazten duena; hau guztia, Parkea Bizirik-ek bere bideo didaktikoetan (euskarazko bideoaren esteka: https://youtu.be/x76VTLukszo) ezagutzera eman zuen tokian bertan, uharte osoan itsas hegaztien habia kopururik handiena biltzen duena… zuena? Bada, irudietan oinarrituta, egun ez dago leku hori ezagutzerik eta mendi ebaketa dirudi.

Esku-hartzea ez da amaitu. Santa Klarako flyscharen zati bat haustea falta da. Eskultura jartzeko, itsasargiaren eraikinaren azpian metro batzuk zulatuko dituzte, zulo handi bat egin arte. Hortxe flyscharen zati bat hautsiko dute. Lur eta harkaitz tonak ere aterako dituzte, eta ondorioz, uhartearen bolumena txikiagoa izango da. Itsasoaren oldarraldien aurrean uhartea ahulago bihurtuko dute.

Proiektua, Santa Klara uhartea bezalako leku enblematikoaren ondare industriala (itsasargia) txikitzean datza eta nazioarteko turismorako erromeria bihurtu, Bermeon Gaztelugatxerekin egin duten bezala. Jende mordoren joan-etorriak uharteari eta bere bioaniztasunari kalte baino ez dio ekarriko. Bestalde, hiri eredu honek gauzen prezioak erosteko ahalmen handiko turismoaren inguruan doitzen ditu, bizi-garestitasuna are gehiago indartuz. Ondorio moduan eta azken hamarkadetan gertatzen ari den bezala, klase ertain eta baxuen hiritik kanporaketa areagotuko da, establishment-ak “periferia” izendatzen duen alde horretara.

Alkateak eta Cristina Iglesiasek ez zuten zintzo jokatu. Naturak ez zuela kalterik jasoko nabarmendu zuten eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana egitearen aurka agertu ziren, horretara behartuta ez zeudela argudiatuta. Esku-hartzeak 1,2 milioi euroko kostua izango zuela jakinarazi zuten, baina dagoeneko 4,2 milioira igo da eta, gai horretan adituak diren iturrien arabera, oso litekeena da 8 edo 10 milioi euroko azken zenbatekora iristea. Ez dugu ahaztu behar, Ogasun zinegotziaren datuen arabera eta COVID-19k eragindako krisiak jota, udalaren zorra 81 milioikoa izango dela. Halaber, alkateak, 2020ko ekainaren 9an Udalak 30 milioi euroko kreditua eskatuko duela “COVID-19ren pandemiak eragindako larrialdi sozialei erantzuteko” jakinarazi zuen.

Goiak eta Iglesiasek ere terminologiarekin jolastu zuten. Artelana artistak berak hiriari egindako “dohaintza” zela esan zuten eta eskuzabaltasun ekitaldi aparta bilakatu zuten. Aitzitik, herritarrok milioiak ordainarazi eta zorpetu nahi gaituzte.

Ekaina da. Obrek kaltetutako itsas hegaztien koloniak lurrean arrautzak inkubatzen edota kumeak elikatzen jarraitzen du. Uharteko berezko sugandilaren (Podarcis liolepis) arrautzak, eguzkiak berotzen dituen zirrikitu txikien barruan eklosionatzen dira. Legeak sugandila hau “bakana”-tzat katalogatzen du bere banaketa geografikoa (5,4 Hektarea) murritza baita. Frankenia leavis izen zientifikoko txilarrari, Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoak babes juridikoa ematen dio eta eguzkitara, hostoak eta loreak zabaltzen ditu.

Gizateriaren historiaren une honetan, komunitate zientifikoa, unibertsitarioa eta Nazio Batuen Erakundea bera pandemia globalen eta naturaren suntsipenaren arteko loturaz ohartarazten ari dira, eta planeta-kontzientziarik ez duten agintari batzuek jendearen eta Planetaren beharrei eta lehentasunei entzungor egiten jarraitzen dute.

Horregatik guztiagatik, PARKEA BIZIRIK-EK HONAKO HAU ESKATZEN DU:

Eneko Goia alkateak eta Cristina Iglesiasek barkamena eskatzea Donostiako jendeari eta hiriari. Uhartea hondatzeko aurrekontuaren zenbateko osoa argitara ematea. Uharteko obrak bertan behera uztea eta bertako ingurumena lehengoratzeari ekitea. Uhartea eta Lurra babestea.