Prentsa oharra

Donostiako Sustapenaren bitartez, Fusili proiektuan ari da parte hartzen Donostia, Europako beste hamaika hirirekin batera. Ezagutzen eta ikaskuntzen trukerako proiektua da, hain zuzen, elikadurasistema eraldatzeko erronkei heltzea helburu duena. Europako Batasunak 886.000 euroko ekarpena onartu du Donostiarako, proiektua aurrera eramateko. Donostiako Sustapena da proiektuaren kiderik garrantzitsuena, koordinazio lanak v89egingo dituen Cartif fundazioarekin batera (Valladolid).

Egungo elikadura-sistemaren eraldaketa lortu ahal izateko lehen zutabeak jartzea; horixe da proiektuan parte hartzen duten hiriek aurrean duten erronka. Donostia jadanik hasia da lanean elikadura-sistema propio, jasangarri, inklusibo, erresiliente, seguru eta dibertsifikatua lortzeko helburuarekin; elikadura segurua eta irisgarria bermatuko duen sistema bat, elikagai-hondakinak murriztea eta biodibertsitatea zaintzea helburu izango duena, eta, aldi berean, klima-aldaketaren ondorioak leuntzen eta horietara egokitzen lagunduko duena, Donostiak 2017an sinaturiko Milango Hitzarmenean jasotzen den moduan. Hori dela eta, nekazaritzako elikagaien arloko Guztiona Klusterra sortu da Donostian. Sektoreko enpresa, erakunde eta erakunde sozioekonomikoen sare bat da, kideen arteko sinergiak eta lankidetzak sustatzeko eta sektorea lehiakorragoa izateko. Hain zuzen, hirian aberastasuna eta enplegua sortuko duten, elikaduraren arloko karbono-aztarna murriztuz ingurumenaren aldeko konpromisoa hartzen duten eta tokiko elikadura-sistema osasungarri baten alde lan egiten duten ekimen eta proiektuak erakarri eta bultzatzea da klusterraren helburu nagusietako bat.

Enrique Ramos Sustapen Ekonomikoko zinegotziaren arabera, “proiektu honen bidez, Donostiako hiriak aukera ezin hobea du elikadura-sistema osoa eraldatzeko, sektoreko eragile guztiekin elkarlanean eta Europar Batasunarekin eta Europako hamaika hirirekin lankidetzan, aurrera eraman beharreko estrategia definituz, politikak martxan jarriz eta, horrez gainera, dagokion ekintza-plana aplikatuz”.

Fusili proiektuaren bidez, parte hartzen duten hiriek ekosistema berritzaileak sortuko dituzte elikadurasisteman, politika eta ekintza integratuak martxan jartzeko dituzten gaitasunak indartuz, hiri-eremu osasungarri baterantz trantsizioa egiteko helburuarekin, eta elikadura-sistemaren dimentsio guztietan hobekuntzak egitea ahalbidetuko duten politika hiritar bideragarri, errepikagarri eta berritzaileen bitartez. Donostiaren kasuan, Donostiako Sustapenaren bitartez parte hartuko du hiriak, eta Ingurumen Sailak eta Eroskik ere parte hartuko dute prozesuan. Halaber, hiri hauek hartzen dute parte sarean: Nilufer-Bursa (Turkia), Oslo (Norvegia), Kolding (Danimarka), Turin (Italia), Castelo Branco (Portugal), Differdange (Luxenburgo), Rijeka (Kroazia), Kharkiv (Ukraina), Tampere (Finlandia), Atenas (Grezia) eta Erroma (Italia).

Hauek dira Fusili programaren helburu zehatzak:

  • 1. Elikaduraren arloko Living Lab-ak sortzeko metodologia bat zehaztea.
  • 2. Hamabi hirietan elikaduraren arloko Living Lab-ak sortzea.
  • 3. Hiriaren elikadura-sistema ebaluatzea, eragile publiko eta pribatuekin elkarlanean, Food 2030 europar estrategiaren lehentasunak kontuan hartuta.
  • 4. Beste hamaika hiriekin batera, epe laburreko eta luzeko plangintza bat diseinatzea, hiriaren elikadurasistema eraldatzeko, politika berritzaile eta ekintza-planen bidez.
  • 5. Negozio-eredu eta finantziazio-eskema berriak garatzea eta funts publiko eta pribatuak modu berritzailean erabiltzea, zehazturiko politikak martxan jartzeko.
  • 6. Nazioarteko besteko proiektu eta ekimen batzuekin lankidetzan aritzea, ezagutzak eta esperientziak modu eraginkorrean trukatzeko.

Fusili proiektua Horizon2020 programaren barruan aurkeztu zuten, “Empowering cities as agents of food system transformation” gaiari buruzko CE-FNR-07-2020–FOOD 2030 deialdian. Hain zuzen, deialdi horretan aukeratu dute proiektua, Europar Batasunaren finantziazioa lortzeko.