Prentsa oharra

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Ahal dugun guztia egingo dugu gure eskumenak defendatzeko eta Europako zuzentarauen aplikazioa defendatzeko. Besteak beste, gipuzkoarren interes orokorrarekin bat datorrelako, bidesarien sistemak Europak eta penintsula lotzeko errepidearen mantentze-lanak dakarren gastuaren zama astuna arintzen duelako”.

“Aurrekoaren copy-paste bat besterik ez den epai baten aurrean gaude, bere 14 orrialdeetatik 9 literalki berdinak dira. Gainera, epaiak ez ditu aintzat hartzen 6/2018 Foru Arauan ezarritako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako aldaketak. Eta, are gehiago, ez ditu kontuan hartzen “zeharkako diskriminazioaren” teoria deuseztatzen duten erabilerari buruzko datu errealak“ adierazi du, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVren bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Bide Azpiegituretako Departamentuko foru-diputatu Aintzane Oiarbidek 6/2018 Foru Arauaren aurkako epaiaren inguruan argibideak emateko agerraldiaren ostean. “EAJ-PNVko batzarkide-taldea oso kritiko agertzen da epaiaren zentzuarekin, eta gogorarazi nahi dugu 6/2018 Foru Araua zehatz-mehatz idatzi zela, Europa barneko ardatzetan erabiltzeko ordainketa agintzen duen Europako zuzentarauari jarraituz eta Europako Batzordearen abalak lortu ondoren. Gainera – jarraitu du –, Foru Arau proiektua eropar  instantzietara igorri zen, Batzar Nagusietan onartu aurretik, eta Europako Erkidegoko arduradunen oniritzia jaso zuen”.  

Maria Eugenia Arrizabalaga bozeramaile abertzaleak ukatu egin du beste behin ere, Foru Araua diskriminatzailea denik Gipuzkoarrak ez diren garraiolariekin, bidesariak kobratzeko sistemaren datu errealetatik ondorioztatzen denez. Aipatu datuok, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kontuan hartu ez dituenak, epaitegi honek egin duen interpretazio okerra zuzentzera etorriko lirateke”. “Aintzane Oiarbide Diputatuak adierazi duen bezala – gogorarazi du EAJ-PNVren bozeramaileak – N-1 errepideko bidesariak ordaintzen dituzten garraiolarien % 40 Gipuzkorrak dira”.

“Hain zuzen ere, jakin badakigulako Europako zuzentarauak zehatz-mehatz debekatzen duela diskriminazio-neurri oro gertatzea – jarraitu du Arrizabalagak – bidesariei buruzko Foru Arauaren proiektua egiten hasi zenetik, Europako Batzordeko teknikarien eskutik lan egin zen, horrelako neurriak hartzeko arriskua ekiditeko”. “Foru Araua – gogora ekarri du bozeramaile abertzaleak – gure lurralde historikoari dagozkion foru eskumenen eta bidesariak ezartzeari buruzko Europar Batasuneko zuzentarauek ezarritako baldintzen azterketa jurdiko sakon bat egin ondoren idatzi zen. Europar Batasuneko beste hainbat lekuetan indarrean dauden baldintza eta bermeekin bat datozen neurriekin, alegia”.

“Salatu nahi dugu euskal erakundeen eskumen eta eduki guztiei, orokorrak zein foralak izan, egin zaien eraso sistematikoa. Eusko Abertzaleak taldeak – jarraitu du – ahal dugun guztia egingo dugu gure eskumenak defendatzeko eta Europako zuzentarauen aplikazioa defendatzeko. Besteak beste, gipuzkoarren interes orokorrarekin bat datorrelako, eta bidesarien sistemak Europa eta penintsula lotzeko errepidearen mantentze-lanak dakarren gastuaren zama astuna arintzen duelako”. “Gure ustez, epai honek – amaitu du Arrizabalagak – zuzenean eragiten dio Batzar Nagusi hauen foru-izaerari eta dagozkion eskumenei”.