Prentsa oharra

  • Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialetik azpimarratzen dutenez, egoitzetan erizain faltaren arazo bat dago erabiltzaileen gaur egungo profilari erantzuteko, izan ere, kasuen %77k menpekotasuna edo menpekotasun handia dute.
  • Gipuzkoako 65 egoitzetatik soilik 19k daukate erizaina 24 orduz. Horregatik, COEGIk eskatu du Gipuzkoako Zerbitzuen katalogoa berrikusi dadin, 2006koa baita.
  • Agerraldian, halaber, azpimarratu dute Lehen Arreta eta Gizarte Zerbitzuak ongi koordinatzea dela “daukagun erronka handia”.

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko (COEGI) lehendakari Pilar Lekuonak agerraldia egin du, gaur goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Politiketako Batzordearen aurrean, Elkarrekin-Podemos taldeak eskatuta, egoitza geriatrikoen egoeraz elkargoen erakundeak duen ikuspegia erakusteko, eta Erizaintza eta COVID-19arekin kontaktuan egoteagatik arriskua duten beste lanbide batzuk arriskuko lanbidetzat jotzeko eskaera azaltzeko.

COEGIk Gipuzkoako egoitzen egoeraz duen ikuspegiari dagokionez, agerraldian gogorarazi da lurraldean 65 egoitza daudela, horietatik 29 unitate psikogeriatrikoekin, eta 2 unitate psikogeriatriko independente. Horietan, 5.425 erabiltzaile bizi dira, eta %11k 1. mailako menpekotasuna dute, eta %66,37k menpekotasun handia edo menpekotasun larria. Gipuzkoako 65 egoitzetatik, soilik 19k dute erizaina egunean 24 orduz, gainerakoek ez dute.

“Horien presentzia funtsezkoa da. Erabiltzaileak zaintzeaz gain, egoitzetan lan egiten duten erizainen %100ek zainketei buruzko aholkuak ematen dizkiete erabiltzaileei eta senideei, eta ospitalean dauden erabiltzaileen jarraipena egiten dute”, azpimarratu du Pilar Lekuonak.

Bizi izandakoaren ondoren, eta koronabirusa oraindik beran delarik, COEGIk uste du une egokia dela Gipuzkoako egoitzetan gertatzen ari den egoera aztertzeko, eta gizarte honek gure adinekoentzat nahi dituen zainketak planifikatzeko. Gipuzkoako Elkargoaren iritziz, egoitzen funtzionamendu onerako, funtsezkoa da 24 orduz erizainak egotea.

Ildo horretan, egoitzetan bizi izan den egoerari dagokionez, COEGIk azpimarratu du planteamendu sanitario eskasarekin abiatu ginela, erabiltzaileen profila orain dela 30 urte baino askoz konplikatuagoa delako. “COVID-19ak egoera larriagotu du, erizainen falta estrukturala dagoelako, eta zeudenak kutsatzen joan direlako. Horregatik, etorkizunera begira, ezinbestekoa da Erizaintzako lantaldeak egoitzen benetako beharretara egokitzea, eta COEGITIk urte asko daramagu hori eskatzen”, azpimarratu du Lekuonak.

Osasunean inbertitzearen garrantzia

Egoitzen egoera alde batera utzita, Pilar Lekuonak bere agerraldian nabarmendu duenez, “egoera berezi eta berrien aurrean, neurri bereziak behar dira”, eta agerraldian zeuden alderdi politiketako ordezkariei gogorarazi die garrantzitsua dela Osasunean inbertitzea, ideologiak gorabehera eta “denok bat eginda”.

Gaur egungo erronka sanitarioen artean, aipatu du beharrezkoa dela Osasun Publikoari erreparatzea, eta Lehen Arretaren eta Gizarte Zerbitzuen arteko benetako koordinazioaren alde egitea.

Azkenik, COEGIn azpimarratu dutenez, “eraldaketa handia gizarte zerbitzuek eta zerbitzu sanitarioek elkarrekin lan egiten dugunean gertatuko litzateke”.