Prentsa oharra

Covid-19 birusak eragindako etenak aurrez gure artean genituen krisiak bizkortu eta azaleratu egin ditu (krisi ekologikoa, zaintza krisia, krisi sozioekonomikoa…). Orain, krisi horiei erantzuteko pausoak alde batera edo bestera emango ditugun da galdera. Eta Donostiako EH Bilduk oso argi du erantzuna: iragana berreraikitzeak ez du etorkizunik. Izan ere, iragana berreraikitzea akats berberak berriro egitea eta ondorio berak pairatzea da. Baina areago, iragana berreraikitzeak ez du zentzurik, etorkizuna ez baita iragana bezalakoa izango. Berehala jaiki, norabidea zuzendu eta ibiltzen hasteko proposamena da hau. Lehenengo gauza Donostia zutik jartzea da.

Krisiaren dimentsio sanitarioa eta sozioekonomikoa gutxiestea etorkizun hurbilean erraz ordain daitekeen akatsa da. Eneko Goia eta Udal Gobernua akats hori egiten ari dira. Historia garaikidean aurrekaririk ez duen krisi honi neurria hartu behar diogu, eta Donostiako gaitasun komunitarioak berehala aktibatu, datorrenari aurrea hartzeko eta egoera sozioekonomiko benetan konplexu baten aurrean birkokatzeko. Talka plan honen zeregina da, egungo krisiaren berehalako ondorioak, ahal den neurrian arintzeko beharrezkoak diren tresna publiko eta pribatuak artikulatzea, eta aldi berean, etorkizun hurbilean beharrezkoak diren finantzaketa eta inbertsio-mekanismoak artikulatzea, bertatik, berrikuntza, berdintasun eta ekitate-oinarri berriekin irteteko, desberdintasunarrisku handiagoaren aurrean inor albo batetara ez uzteko eta hiriak dituen erronka erraldoiei aurre egin ahal izateko. Txoke-planaren finantzaketa EH Bilduk 46,5 milioi euroko talka-plana aurkezten du inbertsioak egiteko, batez ere, lau arlotan: zaintza sistema, tokiko obra publikoa, eredu ekonomikoa eta mugikortasun eredua.

Pandemiaren ondorioei aurre egiteko Udal Gobernuak martxan jar ditzakeen beste partida batzuen osagarri izango lirateke partida hauek. Hala eta guztiz ere, adierazi behar dugu Donostian oraindik ez dagoela Covid-19ren ondorioei aurre egiteko talka-planik. Ikusi dugu nola beste erakunde batzuek talka plana aurkeztu duten, baina hemen ez. Donostian, susperraldi ekonomikoaren alorrean orain arte egin den aparteko inbertsio bakarra Donostiako Sustapenak apirilean aurkeztutako 2,4 milioiko plan bat izan da. Talka plan honen finantzaketa-iturri nagusiak honako hauek dira:

• Funtsezkoak ez diren proiektuak bertan behera uztea/atzeratzea: Santa Klara uharteko itsasargiaren proiektua (4 milioi), Udaleko Turismo Bulegoa (1,7 M), Iztuetako biaduktua (5,8 M)

• Udal Covid tasa: Donostiako EH Bilduk proposatzen du udal zerbitzuengatiko tasak % 5 handitzea merkataritza kate handiei Covid-19 osasun krisiaren garaian % 10etik gorako etekinak izan badituzte, enpresa horiek ekarpen solidarioa egin dezaten gizartearentzako zerbitzuak diruztatzen laguntzeko.

• Diputazioak bere kabuz iragarri dituen murrizketen aurrean, udal talde guztiei proposatzen diegu erantzun adostu bat ematea, Diputazioa izan dadin zorpetuko dena, ez udala, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea baita.

Inbertsio-lerroak:

• 10 milioi, zaintza-eredu berri baterantz aurrera egiteko: sektore zaurgarrienak gehiago eta hobeto zaintzea, larrialdietarako eta kontziliaziorako laguntzen aurrekontua % 25 handituz, sektorean enplegu duina sortuz, eta, aldi berean, saltoki txikiei lagunduz (Oinarrizko beharrak asetzeko “udal bono sozial” bat ezartzea, Donostiako saltoki txikietan erabiltzeko).

• 20 milioi, enplegua sortzeko tokiko obra publikoa sustatuz: udal azpiegiturak biziberrituz (kiroldegiak, kultur etxeak, futbol zelaiak) eta eraikin zaharretako irisgarritasuna hobetuz.

• 10 milioi, Donostiako ekonomia birbideratzen hasteko eta turismoaren sektorearekiko mendekotasun txikiagoa izan dezan.

• 6,5 milioi, mugikortasun-sistema jasangarriago berri baterantz aurrera egiteko, bidegorri gehiago, peatonalizazio gehiago eta garraio publiko gehiago. Ekimen sorta EH Bilduk oso proaktiboa izaten jarraituko du, eta plan honetan jasotzen diren neurriak eta proposamenak defendatuko ditu esparru guztietan. Ekimenak aurkeztuko ditugu osoko bilkuran eta udal batzordeetan, udan egingo den udal tasen eta zergen eztabaidan proposamenak egingo ditugu (“Covid tasa”), eta abar. Azken finean, gure helburua, Donostia zutik jartzea da, eta ibiltzen hastea norabide egokian.

Izan ere, Eneko Goia alkatearen jarrera “ekaitza” pasa arte itxarotea da, ea pandemiaren aurretik hiria zegoen egoerara itzultzen den. Baina hori ez da gertatuko, ezer ez da lehen bezala izango, eta orain premiazkoena da zutik jartzea, bai osasun publikoari dagokionez, baita maila sozio-ekonomikoan ere.