Prentsa oharra

Saioa Bandres: “Ezinbestekoa da diktadura frankistaren biktima izan diren emakumeen kolektiboa bigarran planotik atera eta ikustaraztea. Anonimotasunetik, etera behar ditugu”

            “Ezinbestekoa da diktadura frankistaren biktima izan diren emakumeen kolektiboa bigarren planotik atera eta ikusaraztea. Anonimotasunetik, atera behar ditugu. Emakumeen ahotsa ozen entzunarazi behar dugu oroimen kolektiboan, ezingo baitugu memoria osoa izan bestela. Frankistek beren herrietatik, gure herrietatik, botatako hainbat eta hainbat emakumeei aitortza eta erreparazioa zor diegu memoria kolektiboa osatzeko” adierazi du, Saioa Bandres EAJ-PNVren batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan, diktadura frankistaren biktima izandako emakumeen memoriari, aitortza eta erreparazioari buruz. “Memoria berreskuratzea beharra da gizartearentzat, eta betebeharra erakundeontzat. Izan ere – jarraitu du – egia ezagutzea eta ezagutaraztea, hurrengo belaunaldiei transmititzea, beharrezko ariketa da etorkizunerako. Biktimekiko justizia eta erreparazioa, beharrezkoak dira giza eskubideekiko eta balio demokratikoekiko errespetuan oinarritutako gizartea eraikitzeko”.

Jarraian, adostutako proposamenari erreparatu dio Saioa Bandresek, “memoria erreparazioa da, eta ildo horretatik doa Batzar Nagusietako talde gehienon artean adostu dugun proposamena. Bere lehen puntuan, biktimen aitorpen eta erreparazio eskubideen berariazko hartzaile gisa aitortzea gerra zibilean, diktadura frankistan eta trantsizio demokratikoan zehar EAE indarrean jarri arte jazarpena edo indarkeria jasan zuten emakumeak ditu oinarri. Bigarrenean – erantsi du Saioa Bandresek – neurri aktiboak bultzatzea, diktaduraren biktima izan ziren gure lurraldeko emakumeak oroitzeko eta aitortzeko. Eta azkenean, Gipuzkoako udalerrietan, memoria berreskuratzeko eta sentsibilizatzeko jarduerak sustatzea du hizpide”.

Amaitzeko EAJ-PNVren batzarkideak, arlo honetan Gipuzkoako hainbat elkartek, Udalek eta Aldundiak egindako ahalegina azpimarratu du, “Azken bi hamarkadetan proiektu eta lan ugari bultzatu eta sustatu dira, eta guztiei balioa ematea garrantzitsua dela uste dugu; izan ere, etorkizunerako beharrezkoa da egia ezagutzea eta zabaltzea, eta hurrengo belaunaldiei helaraztea, bertatik ikasteko. Justizia egitea eta biktimei ordaina ematea ere beharrezkoa da, giza eskubideak eta balio demokratikoak errespetatuko dituen gizartea eraikitzeko – azpimarratu du –. Arlo honetan, gizarte osoaren laguntza eta eragile eta erakundeen ekarpenak behar beharrezkoak ditugulako, memoria kolektiboa garatzeko”. “Memoriarik gabe ez dago identitaterik, eta identitate kolektiborik gabe ez dago gizarterik, ezta herririk ere – amaitu du Saioa Bandresek –“.