Prentsa oharra

‘Eulate + Ayesta. Arte- eta bizitza-esperientzia bat’ izeneko erakusketaz gozatzeko azken astean sartuta gaude. D’Museoan, Donostiako Santa Marta Museoan, igandea arte, ekainak 28, ikusgai izango dira Xavier Álvarez de Eulate (Donostia, 1919 – Bermeo, 2012) artista frantziskotarraren eta Juan Ayesta (Beasain, 1960) margolariaren artelanak. Biek ala biek giza harreman eta artistiko estua izan zuten. Horren isla da bien lanekin osaturiko bilduma.

COVID-19 birusaren hedapenaren ondorioz itxita izan ostean, D’Museoak ekainaren 1ean berrireki ditu bere ateak pertsonen osasun zein segurtasun neurriak oinarri hartuta. Antolakuntzak, D’Museoa eta Arantzazu Gaur Fundazioa, otsailaren 6an inauguratu zen proiektua luzatzea erabaki du hilaren 28a arte, eta horrekin batera, ‘Eulate + Ayesta. Arte- eta bizitza-esperientzia bat’ erakusketa gertutik ezagutu nahi duenarentzat, azken bisita gidatua eskainiko du ostiral honetan bertan (ekainak 26).

Arratsaldeko 18:00etan hasita, Juan Ayestak berak gidatuko du doako saioa. Bisita gaztelaniaz izango da, eta parte hartzeko aurrez izena ematea komeni da 617256284 telefono-zenbakira deituta edo
info@dmuseoa.com posta elektronikora idatzita.

Erakusketak Juan Ayestaren eta Xavier Álvarez de Eulateren arteko giza harremana eta artistikoa erakusten ditu. Bien arteko lotura Erriberriko frantziskotarren komentuan abiatu eta garatu zen. 1977tik 1982ra bitarteko uda guztietan, bertan elkartu ziren, eta testuinguru hartan ezagutu eta mirestu zuten elkar. Horren inguruan hauxe diosku Juan Ayesta margolariak: “Bilduma osatzeko aukeratu ditugun lanak harreman berezi baten isla dira. Leku-denbora jakinean bat egin genuen belaunaldi
desberdinetako bi pertsona gara: Xavier Álvarez de Eulate, maisua, eta ni, haren ikaslea. Gure erlazio pertsonala eta artistikoa, bizitza-arloko eta laguntasun-lotura bihurtu zen. Niretzat biziki garrantzitsua
izan zen Álvarez de Eulaterengandik hurbil emandako aroa.

Urte haietan, berebiziko arrastoa utzi zidan. Xavier Álvarez de Eulate frantziskotar artista ezaguna da, besteak beste, iragan mendeko 50eko
hamarkadan Arantzazuko Basilika berria dekoratzeko ardura izan zuen taldeko kide izan zelako Jorge Oteizarekin, Eduardo Chillidarekin, Nestor Basterretxearekin, Lucio Muñozekin eta Xabier Egañarekin batera. Santutegirako sortu zituen beirateak ondo baino hobeto integratu ziren Francisco Javier Sáenz de Oíza eta Luis Laorga arkitektoen eraikinean.
Halaber, Edorta Kortadik, D’Museoko zuzendaria eta erakusketaren komisarioa, zera dio bi artisten artean izandako bizipenaz. “Maisu-dizipuluen arteko lankidetzako harremana oso ohikoa izan da
Artearen Historian zehar, batik bat, Errenazimenduan eta Barrokoan; baina ez, ordea, azken mendeetako mugimenduen eta abangoardien historian. Horrek egiten du, ziur aski, bereziki esanguratsu eta harrigarri hizpide dugun erakusketa.

Artista modernoek uko egin ohi diete beren maisuei eta iturriei, beren eraginei eta abiadurei, nahiz eta izan badituzten den-denek eta sumatzen
errazak diren. Álvarez de Eulate eta Ayestaren kasua bestelakoa da, eta erakusketak, hain zuzen ere, izandako eragina onartzen eta azaltzen ditu”.
D’Museoan ikusgai dagoen bildumak 30 artelan baino gehiago ditu. Horrekin batera, inoiz ikusi gabeko argazkiak zein gutunak ere ikus daitezke, eta baita argitalpen berezi (bertan eskuratu daiteke edota
edo Arantzazu Edizio Frantziskotarrak) bat ere. Bestalde, honako hau da erakusketaren ordutegia: lan egunetan, 10:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara; larunbatean, 10:30etatik 13:30etara eta 16:00etatik 18:00etara; eta igandean, aldiz, 16:00etatik 19:00etara.


ERAKUSKETA: ‘EULATE + AYESTA. ARTE- ETA BIZITZA-ESPERIENTZIA BAT’
LEKUA: D’MUSEOA, DONOSTIAKO SANTA MARTA MUSEOA (Abuztuaren 31 kalea, 46)
BUKAERA DATA: 2020KO EKAINAREN 28A
ORDUTEGIA: OSTIRALA ARTE, 10:30 – 13:30 / 16:00 – 19:00
LARUNBATEAN: 10:30 – 13:30 / 16:00 – 18:00
IGANDEAN: 16:00 – 19:00