Prentsa oharra

  • Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileen artean une oro segurtasun tartea uztea, objektuak ez partekatzea edo edukierari buruzko araudiei arreta jartzea gomendatzen du, besteak beste.
  • Erizaintzako Elkargo Erakundeak gogorarazi du kutsatzeko arriskua oraindik ere badagoela, eta, horregatik, infografia eta bideo formatuko gomendio batzuk egin ditu, udako jardueretan gaixotasuna berriz agertzea saihesteko:

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) gogorarazi du udan hondartzetara eta igerilekuetara joaten hasiko garela, eta, gainera, alarma egoera amaitu denez, erkidegoen arteko joan-etorriak ugaldu egingo direla. Alabaina, “pandemiak hortxe jarraitzen du, birusa gure artean dugu, eta oraindik ere arrisku handia daukagu”. Horregatik, Erizaintzako Elkargo Erakundeak egindako infografia eta bideo berria zabaldu nahi du, igerilekuak, hondartzak edo ibaiak kasu gehiagoren erdigune bihur ez daitezen.

Gomendioen artean, hauek gogorarazi nahi dituzte: elkarrekin bizi ez diren pertsonen artean 1,5 edo 2 metroko segurtasun tartea uzten jarraitzea, objektuak ez partekatzea ez ur barruan ez kanpoan, eta hondartzetan eta igerilekuetan edukierari buruzko murrizketak kontuan hartzea, pilaketak saihesteko.

Halaber, gogorarazi dute baimenduta dagoela hondartzetan kirol jarduerak egitea, baldin eta bakarka egiten badira eta gainerako herritarrekiko segurtasun distantzia uzten bada. Gainera, hondartzetan dutxak erabiltzea baimenduta dagoela zehazten dute, betiere, banaka eginez gero.

Bestalde, eguzkitan azala zaintzeari dagokionez, hauxe gomendatzen dute: eguzki babes handia ematea, eta maiz, eguzkiak gogor jotzen duen orduetan eguzkitan egotea saihestea, eta gure azalera egokitzen den eguzki babesa erabiltzea. Material horrek, halaber, aire girotuaren erabilera osasungarria egitea gomendatzen du, COVID-19a harrapatuz gero arriskuak areagotzen dituzten arnas gaixotasunak ez garatzeko.

Infografiaz gainera, Erizaintzako Elkargo Erakundeak kaleratu duen dokumentazioak gaixotasun kasuak berriz agertzea saihesteko gomendioei buruzko bideo bat ere biltzen du: