Prentsa oharra

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Gizarte-zerbitzu sarearen azterketa metodologia diseinatu eta garatu behar dugu, beti ere, arlo honetako eragile eta profesionalen eskutik, Udalei, teknikariei, egoiliarrei eta haien familien iradokizun eta ekarpenei zabalik eta adi”

“Lehenik eta behin, krisialdi honetan egin den eta egiten ari den lana azpimarratzekoa ezinbestekoa da. Izurriteak eragindako larrialdi egoerari aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek, zein egoitzetako arduradun eta langileek, eta baita Osasun sailak egindako lan bikaina eskertu nahi nuke“ adierazi du, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVren bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan, lurraldeko egoitzetan Covid-19aren krisiaren kudeaketaren jarraipena eta ekarpenak egiteko mahaia osatzeko proposamenaren inguruko eztabaidan. “Egindako koordinazio lanaren ondorioz, munduan inon ez zegoenean segurtasun materiala eskuratzeko ahaleginaren ondorioz, langile askok beren lanean jarri duten profesionaltasunagatik, Osakidetzarekin egin den lan amankomuna dela eta, neurri gogorrak hartu behar ziren unean asmatu delako –kasuan, isolamendu neurriak– edota eraikinak sektorizatu direlako, azken finean – azpimarratu du bozeramaile abertzaleak – profesional eta jende askoren ardurari eta lanari esker, hemengo egoera ez da beste leku batzuetan jasan dutena, eskerrak”.

“Gaur Batzar Nagusietan onartu den proposamenean, EAJ-PNV eta PSE batzarkide taldeek adostu dugun proposamenean, gizarte-zerbitzuen azterketa zehatza egiteko eta azken hilabeteotan Gipuzkoako gizarte-zerbitzuen sareko baliabideetan Covid-19 gaitzak eragindako krisi-egoera larria ebaluatzeko metodologia diseinatu eta garatzea eskatzen dugu. Prozesu horretan, egoera honetan inplikatuta dagoen eta ekarpen eraikitzaileak egiteko prest dagoen gizarte eragile orok lekua izan ahalko duelarik. Prozesu horren helburua – azpimarratu du Arrizabalagak – bizi izan dugun egoeraren azterketa objektiboa eta osatua egitea izango da, bertatik ondorioak ateratzea eta aurrera begira antzeko egoerei aurrea hartzeko moduak eta hobetzeko neurriak proposatzea”. “Azken finean – nabarmendu du bozeramaile abertzaleak – gizarte-zerbitzu sare guztirako metodologia garatzea oinarrizkoa da, beti ere arlo honetako eragile eta profesionalen eskutik, Udalei, teknikariei, egoiliarrei eta haien familien iradokizun eta ekarpenei zabalik eta adi. Zaharren egoitzak ez ezik, beste zerbitzu guztiak hartuko dituen metodologia, adin txikikoen zentroak, genero biolentziaren biktima diren emakumeak edota gaixotasun mentala dutenei eskaintzen zaizkien zerbitzuak, alegia”.

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVko bozeramailearen esanetan, “etsigarria da oposizioko taldeek EH Bildu eta Podemosek, beste behin, gipuzkoarrok beharrezkoa dugun ekimen baten aurka bozkatu izana. Gizarte-zerbitzu guztien azterketa objektiboa eta zehatza egiteko metodologiari ezezkoa ematea, ez dugu ulertzen”. “Ez da garaia bizi dugun larrialdi egoeratik etekin politikoa ateratzeko. Gipuzkoarren interes orokorra eta gure lurraldeko herritarren aldeko elkarpen eta proposamenak egiteko unea baizik – amaitu du –“.