Prentsa oharra

Errausketa eta Osasuna Ikerketa Taldean, errausketaren eta osasunaren arteko lotura ikertzen duten ikerlanak aztertzen jarraitzen dugu, eta haien ondorioak gizarteari jakinarazten dizkiogu, azken 16 urteotan egin izan dugun bezala. Duela gutxi komunikabideetan agertu ginen berriki argitaratutako bi ikerlanen ondorioak jakinarazteko, alegia, erraustegien inguruan hainbat minbizi mota, sortzetiko malformazioak, gaixotasun kardiobaskularrak eta arnas gaixotasunak izateko arriskua gehiago dagoela.

Gaur berriz ere, komunikabideei dei egiten diegu berriki argitaratutako AEBetako unibertsitate desberdinetako zientzialariek egin duten ikerketa baten berri emateko; diseinu aldetik prospektiboa da, parte-hartzaile kopuru handia izan da (112.000) eta jarraipen-aldia luzea izan da (24 urte). Ezaugarri hauek ikerlanaren fidagarritasuna sendotzen dute. Ondorioek kezkatzen gaituzte: erraustegiek isuritako dioxinak bularreko minbizi inbaditzailea izateko arriskua %15eko igoerarekin lotzen dira erraustegien inguruko 10 km-ko erradioan bizi diren biztanleen artean, erraustegietatik haratago bizi direnekin alderatuz gero. Arriskua %25 handitzen da 5 km-ko erradioan bizi diren biztanleen artean (1).

Zoritxarrez, ikerlan hau ez da erraustegiek herritarron osasun-arriskua erakusten duen ikerlan bakarra. Duela aste batzuk, Italian argitaratutako beste ikerlan batek egiaztatu du metal astun batzuen maila (barioa, nikela, kobrea, manganesoa eta banadioa) nabarmen handiagoa dela 3 km-ko erradioan bizi diren haurren azazkaletan bi erraustegiren inguruan, erradio horretatik kanpo bizi diren haurrekin alderatuta. Horrek esan nahi du arrisku handiagoa dagoela arnas patologia, patologia neurologikoa eta endokrinologikoa izateko eragindako pertsonengan (2).

Bi kutsatzaile talde isurtzearen ondoriozko osasun-arriskuan jarri dugu arreta, baina jarraitzen ahal genuke erraustegiek isuritako zerrenda zabala osatzen duen kutsatzaile bakoitzak osasunean duen arriskuarekin.

Errausketa eta Osasuna Ikerketa Taldean uste dugu inoiz ez dela berandu erraustegi bat ixteko, ikusita Gipuzkoako biztanleen osasuna arriskuan jarriko duela azaldu ditugun ikerlanen arabera, eta ez dituela zabortegiak desagerraraziko, esaten digutenaren aurka -izan ere, erraustegi guztiek zabortegiak behar dituzte-. Eta hau dena, jakinki ez direla inondik ere beharrezkoak hondakinak kudeatzeko, beste lurralde batzuk erakusten diguten bezala.

Horregatik, gure foru-agintariei eskatzen diegu, mundu osoko beste mediku-elkarteekin bat eginez, alde batera utz dezatela erraustegiak eta zabortegiak osatzen duten binomioa hondakinak tratatzeko modu gisa. Halaber, eskatzen diegu hain loturik dauden gizakion osasunean, ingurumenean eta kliman eragin gutxien duen hondakin kudeaketa martxan jarri dezatela, Gipuzkoako gehiengo sozialaren borontatea jarraiki.