Prentsa oharra

elkartu (Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Politiketako Batzordean agertu da gaur, astelehena, desgaitasuna duten pertsonen beharrak azaltzeko, Covid-19tik eratorritako osasun, gizarte eta ekonomia krisiaren esparruan.

Lehenik eta behin, desgaitasuna duten 300 pertsona baino gehiagoren artean informazioa biltzeko egindako prozesutik lortutako datu nagusiak azaldu dira, honako hauek nabarmenduta:

 Etxebizitza batean bizi diren pertsonen %67k Familiaren Zaintzak jaso ditu, %17k Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua erabili du, %8k Laguntzaile Pertsonala izan du eta %8k ez du zainketarik behar izan.

 Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua erabiltzen dutenen %10ek arreta orduak luzatu ditu, eta Laguntzaile Pertsonala kontratatuta dutenen %13k.

 Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua erabiltzen dutenen %20k handitu egin ditu errekurtsoaren xede diren jarduerak (erosketak egitea, sendagaiak erostea, etab.), eta %50ek, berriz, Laguntzaile Pertsonal bat kontratatuta dutenen kasuan.

 Informazioa biltzeko prozesuan parte hartu duten desgaitasun fisikoa duten pertsonen %81ek ez du udaleko gizarte-zerbitzuen deirik jaso, konfinamenduan zehar zer egoeratan dauden eta zer behar dituzten jakiteko.

Era berean, elkartuk hainbat hausnarketa eta proposamen partekatu ditu batzarkideekin, pandemiaren fase ezberdinetan desgaitasuna duten pertsonek bizi izan duten egoera bereziaren harira:

 Ongizate pertsonaleko eta sozialeko maila handiagoak ikusi dira, bai eta eskubideen bermekoak ere, desgaitasuna duten pertsonen artean, baldin eta beren bizi-proiektua etxean eta komunitatean garatzen badute. Horrela, inoiz baino beharrezkoagoa da Bizitza Independientearen eredua bultzatzea, desgaitasuna duten pertsonek beren bizilekua eta non eta norekin bizi nahi duten aukera dezaten, gainerakoen baldintza berberetan, eta egoitza-eredua bezalako bizi-sistema espezifiko baten arabera bizitzera behartuta egon ez daitezen.

 Pandemiari esker egiaztatu da desgaitasuna duten pertsona instituzionalizatuek salbuespen egoera bat bizi izan dutela, eta haien eskubide oinarrizkoenak urratu direla. Beraz, beharrezkoa da egoitza-arretaren eredua eraldatzea, bai eta gizarte politikak desinstituzionalizatzeko benetako prozesua bultzatzea ere.

 Osasun eta gizarte-krisiak tentsionatu egin du zaintza-sistema, eta familiak hartu du bere gain mendekotasun egoeren arretan protagonismoa eta erantzukizuna. Beharrezkoa da, beraz, lehen eta batzuetan, azken arreta-sarea osatzen duten zainketak duintzea, eta azken urteetan hartutako neurriak familiaren zainketen kaltetan leheneratzea.

 Krisiaren kudeaketaren ezaugarria gobernantza-eredu bat izan da, alde bakarreko erabakietan eta desgaitasuna duten pertsonen eta haiek ordezkatzen dituzten Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen ikusezintasunean oinarritua. Ezinbestekoa da elkarlaneko gobernantza-eredu bat bultzatzea, desgaitasunena duten pertsonak entzun daitezen eta haien proposamenak kontuan har daitezen, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritako baldintzetan.

Azkenik, elkartuk adierazi du prest dagoela erakunde eskudunekin lankidetzan aritzeko gizarte politikak eraldatzeko; izan ere, politika horiek nahitaez joan behar dute pertsona ahulenen eskubideetan oinarritutako eredu baterantz, normalizaziora bideratutako ikuspegi baterantz, gizarteko pertsona jakin batzuen bereizketa gaindituko duena, eta lankidetzazko gobernantza bat erakunde publikoen eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak ordezkatzen dituzten Hirugarren Sektore Sozialaren artean.