Prentsa oharra

Parte Zaharrean egin bezala, Gros eta Erdigunea urgentziaz “hotel jarduerez gune saturatu” izendatzeko eskatu du EH Bilduk.
Hirigintza departameduak EH Bilduri baieztatu dionez, SADEk hotel-proiektu bat aurkeztu du Arte Ederren eraikinerako. Gainera, Udal Gobernuak baieztatu du Claret ikastolak Saguesen zuen eraikinean oso aurreratuta dagoela hotel berri bat eraikitzeko tramitazioa.

Gardentasun falta nabarmena da: nahiz eta proiektua hain aurreratuta egon, Eneko Goiaren Gobernuak oraindik ez die herritarrei Clareten egitasmoaren berri eman. Eta jarrera hau are larriagoa da hauteskunde-garaian, alderdi bakoitzak bere proiektu politiko eta sozioekonomikoari buruzko pedagogia egin behar duenean.


EH Bilduk hotel-jarduera berrietarako moratoria eskatu du behin baino gehiagoetan. Hiriko eremu desberdinek jasaten duten hotel-kontzentrazio mailari buruzko azterketa zehatza egiteko eskatu dugu behin eta berriz. Hori guztia auzo kaltetuenak gune saturatu gisa
izendatzeko helburuarekin.

Zehazki, Gros-Ulia eta Erdialdea hotel-jarduerez gune saturatu izendatzea proposatu dugu. Horrela, bertan ezingo dira hotelak, pentsioak, aterpetxeak, etab. ezarri, ezta etxebizitza turistikorik ere. Neurri hori dagoeneko aplikatu da Parte Zaharrean, eta uste dugu premiazkoa
dela, gutxienez, hiriko bi auzo horietan ere aplikatzea.

Hotelen uholdea ez da berria gure hirian. Joan den otsailean, adibidez, EH Bilduk ohartarazi zuen Claretek hiri honetako dozenaka eraikinen bide bera jarraituko zuela. Baina orain, pandemiak eragindako ondorio sozio-ekonomikoak inon baino gehiago pairatzen ari garenean, bereziki larria da EAJk eta PSEk bide beretik jarraitzea: EAJ eta PSEk Donostiarako. monokultibo turistikoaren aldeko apustu itsuarekin jarraitzen dute.

EAJk eta PSEk ez dute ezer ikasi. Eneko Goiak bultzatutako hiri ereduaren ondorioz hiria egoera ekonomiko oso zailean murgilduta dago. Izan ere,. turismo-sektorearen pisua BPGren %12koa da dagoeneko, eta, hotel-egitasmo berri hauek erakusten dutenez, EAJk eta PSEk sektore hori hazten jarraitzea nahi dute, hiriarentzat askoz onuragarriagoak diren beste sektore batzuen kaltetan. Baina turismoaren aldeko apustu itsu horren ondorioz, langabezia gehien igo den euskal hiria gara (+% 25), lan-prekaritatea gero eta handiagoarekin, gainera. Eta bitartean,
industria, berrikuntza eta garapenean egindako inbertsioa jaisten doa (2017an, eremu horretako inbertsioa BPGren % 1,2koa zen, eta 2013an, berriz, % 1,3koa).

Hauek horrela, etorkizun ekonomiko iluna dugu aurrean, hiriak norabide berria hartzen ez badu. Izan ere, hotelen ugaritzeak kalte handia eragiten dio hiriari. Jasaten ari garen ondorio ekonomikoez gain, truismoaren aldeko apustu itsu horrek ondorioak ditu etxebizitza eskubidean, merkataritza ereduan eta hotelez betetzen diren auzoen eguneroko bizitzan. Horri gehitu behar zaio auzo horietan pisu turistikoak ere ugaritzen ari direla. Datu bat ematearren,
INEk argitaratutako azken errolda datuen arabera, hamar urtetan Grosek 1.144 biztanle galdu ditu (%6), Erdiguneak 639 (%7) eta Parte Zaharrak 313 (%5), hiriak %1 irabazten zuen bitartean.

EH Bilduren iritziz, Eneko Goiaren Gobernuak 180º aldatu behar du hiriari eman dion norabidea, eta pertsonak eta bizitza jarri behar ditu politika publikoen erdigunean.