Prentsa oharra

Gipuzkoako Merkataritza Federazioak (GMF), Gipuzkoako 1.500 saltoki inguru biltzen dituen elkarteak, eta Quirónsaludek osasun-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur. Gipuzkoan, Quirónsalud taldearenak dira Policlínica Gipuzkoa, lurraldeko ospitale pribatu handiena, eta Egiako Hospital Quirónsalud Donostia kontsulta-zentroa.

Hitzarmenaren bidez, osasun-zerbitzuen erabilera erraztu nahi zaie merkatari bazkideei, dokumentazioen, erreserben eta asistentzia-hitzorduen izapideak errazteko norbait izan dezaten.

Isidoro Beltrán de Herediak, Quirónsaluden Euskadirako zuzendari komertzialak, esan duenez: “lehentasunezko zerbitzua izango dute edozein zerbitzu kontratatzeko garaian, eta aholkularitza pertsonala COVID protokoloarekin lotutako guztian: testak, analisi klinikoak eta proba diagnostikoak, baita COVID osteko osasun-azterketak ere. Gipuzkoako merkatarientzako berezko kanala haien langile, ezkontide eta seme-alabek ere erabil dezakete”.

Hitzarmenari esker, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko bazkideek, langileek eta lehen mailako ahaideek Premium zerbitzu eta tratamenduen zorroa erabili ahal izango dute, oso baldintza abantailatsuetan eta beren osasuna eta ahaideena zaintzeko ospitale-talde liderra izateak ematen duen konfiantzarekin.

Hitzarmena sinatuta, Gipuzkoako Merkataritza Federazioak bere estrategia indartu du; hau da, gure probintziako beste lider batzuekin sinergiak ezartzea, sektorearentzat interesgarriak diren eremuetan hitzarmen puntualak sinatuz, bazkideek abantaila gehigarriz gozatu ahal izan dezaten.

Julen Maizek, Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren presidenteak, honela azaldu du: “gure merkatariek erabilgarri izango duten zerbitzu-zorro zabaletik, bazkideek COVIDa detektatzeko analitika egiteko aukera izango dutela nabarmendu nahi dugu, bizi dugun garaia dela eta”. Merkatariak oso ongi ari gara gauzak egiten. Azken egunetako agerraldi berrietatik, bat ere ez da denda batean gertatu. Ezarritako protokoloak errespetatu, eta gure saltokietan segurtasuna eta higienea bermatzen ditugu, gure bezeroak erabat seguru senti daitezen erosketak egitean. Eta orain, testa tarifa berezietan egiteko aukera izateak neurri horiek indartuko ditu”.

Test horiez gain, baldintza abantailatsuetan (deskontuekin) lortu ahal izango dituzte tratamendu pribatuak, kontsultak, proba erradiodiagnostikoak, osasun-azterketak eta ginekologia eta urologia arloko pack esklusiboak.