Prentsa oharra

Iazko urriaren hasieran, aurreko legegintzaldian Ekialdeko Barrutiko Batzordea osatzen genuen 8 elkarteok Barrutiak bi urtez egindako ibilbideari buruzko balantzea egin genuen, argi-ilunak adieraziz. Bederatzi hilabete geroago, gure balorazioa askoz ilunagoa da.

Orduan ere agerian utzi genuen Udalaren egitura ez zegoela ez teknikoki ez
politikoki prestatuta barruti bat izateko, eta Batzordearen erabakiek ez zutela benetako zilegitasunik, gobernu-taldearen oniritzi formala izan arren.

Praktikan, oztopo horien ondorioz, 2019an gauzatzeko onartutako 23 proiektuak 2020urtera aldatu behar izan ziren. Gaur egun, egoera askoz larriagoa da, 2019ko aurrekontuaren exekuzioa % 1etik beherakoa baita. Gainera, murrizketa handiak aurreikusten ditugu, nahiz eta Batzordeak bi urte horietan egindako lana errespetatzeko erabakia hartu berri duen. Proiektu hauen exekuzio azkarra exijitzen dugu.

2020ko aurrekontuari dagokionez, Batzordean 40 proiektu baino gehiago aztertu ditugu, eta ez dugu inola ere jakin zer murrizketa-portzentajeri aurre egin behar diogun. Horietatik 10 lehentasunezkotzat jo dira.

Gauden urte-sasoian egonda, eta egungo egoeran, proiektu horien guztien
garapena oso zalantzazkoa da.

Baldintza horietan ondorioztatu dugu Ekialdeko Barrutiko herritarren
partaidetzarako guneak ez duela funtzionatu eta ez dituela betetzen abian
jartzeko adostu ziren helburuak, Batzordea osatzen dugun elkarteek ahalegin handia egin duten arren.

Hori dela eta, uste dugu egoera horrek berehalako berrikuspena eskatzen duela, Barrutiko Batzordean erabakitako proiektuak gauzatzen jarraitzea bermatu eta ahalbidetzeko. Berrikuspen hori egin gabe, bultzatutako lantaldeetan eta Batzordean bertan dugun parte-hartzea birplanteatuko dugu.