Prentsa oharra

  • Gipuzkoan diharduten erizain profesionalen %83k diote tentsioa izan dutela azken kasuetan, eta %69k koordinazio handiagoa eskatuko lukete berragerpena gertatuz gero.
  • %85ek uste dute lanak emozionalki gogortzen dituela.
  • Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak inkesta bat egin du gipuzkoar erizainen egoera, sentimendua eta iritzia ezagutzeko; 853 profesionalek parte hartu dute.

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) COVID-19ari buruzko inkesta bat egin du, ekainean, Gipuzkoan diharduten 5.395 erizainen artean. Inkestan kolegiatuen %16k parte hartu dute, eta helburua izan da lehen eskutik ezagutzea lurraldeko erizain profesionalen egungo errealitatea eta egoera, COVID-19ari dagokionez.

Kutsatutako erizainei buruz Osasun Sailaren datu ofizialik eta dagoelarik, gipuzkoar erizainen %6k emango zuen positibo COVID-19an Gipuzkoan, hau da, 323 profesionalek, inkestan jaso eta estrapolatutako datuen arabera.

Berragerpen bat gertatuz gero, testaz eta babesteko materialaz gain, erizainek eskatzen dute koordinazio handiagoa (%69), prestakuntza gehiago (%59,10), erizain gehiago (%54,2), soldata osagarria (%50,9), laguntza emozionala (%24,4) eta ostatua, azken eskaera hori %20,4k egin dutelarik.

Gipuzkoan diharduten erizainak azken hilabeteetan nola sentitu diren galdetuta, hauek izan dira erantzunak:

  • tentsioan: %83
  • amorruz: %68,6
  • urduri: %67
  • indargabe: %67
  • beldurrez: %57
  • triste: %48

Gainera, inkestatutakoen laurden batek dio nekatuta egoten dela lanaldiaren amaieran egunero, eta %42,6k astean zenbaitetan.

Alderdi emozionalei dagokienez, %85ek uste dute lana gogortasun emozionala eragiten ari zaiela; %89k uste dute erizaintzako lanak eraginkortasun handiz egiten dituztela; eta %83,3 motibatuta sentitzen dira paziente edo erabiltzaileekin kontaktuan lan egin eta gero.

INKESTAREN LAGINA

Inkestan 853 kolegiatuk parte hartu dute (guztien %15,80), eta horietatik %62,9k Donostialdean egiten dute lan, %11k Goierrin, %8k Bidasoaldean eta %7,6 Debabarrenean.

Inkestatuen %53,10ek ospitale eremuan lan egiten dute, %17,7k Lehen Arretan, eta %8,7k adinekoen egoitzetan, beste zerbitzu batzuen artean. %80k osasun publikoan egien dute lan eta %20k osasun pribatuan.

Lortutako erantzunetan oinarrituta, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofiziala lanean ari da dagoeneko, hautemandako beharrei ekiteko eta erantzuteko.

Inkestaren emaitzak direla eta, COEGIko lehendakari Pilar Lekuonak gogorarazi du erizainen erresilientzia ez dela mugagabea“Herritarren aitortza jaso dugu, eta uste dut erantzun egin dugula gure ezagutza, trebetasun, konpromiso eta erantzukizunekin eta gure kode etikoarekin; horrek ez digu ahultasunik edukitzen uzten, eta indartsu egiten gaitu ezbeharraren eta ziurgabetasunaren aurrean”, adierazi du.

Aitzitik, azpimarratu duenez, erizainak beldur dira, “pilatutako nekea dela eta, ezingo luketelako jasan igarotakoaren pareko beste agerraldi bat”. Ildo horretan, dei berezia egiten die herritarrei kontsekuente izan daitezen, “COVID-19a, ikusten ari garen bezala, ez delako joan”. Horregatik da hain garrantzitsua –amaitzen du– agintari eskumendunek ezarritako higiene neurri guztiak betetzea eta erantzukizun indibiduala nork bere gain hartzea, birusa hedatzea galarazteko.