Prentsa oharra

Metroaren pasabidearen obrak kezka handia sortzen jarraitzen du donostiarren artean. Ekainaren 5ean Zubieta kaleko eraikinean zuloa eragin ondoren, Kontxaren azpiko zatian lanak gelditu ziren, “txosten geologiko eta hidrogeologiko osagarriak egiteko, inguruko biztanleen erabateko segurtasuna bermatzeko”. Gaur, Eusko Trenbide Sareak (ETS) Kontxa hondartzako arkupeetan premiazko esku-hartze garrantzitsu baten berri eman du.

Gogoratu behar da uztailaren 20an ETSko obren jarraipena egiteko batzorde eziraunkorraren bilera bat egin zela udaletxean, eta bilera horretan ez zela jakinarazi inguru horretan aparteko neurririk hartuko zirenik. Hala ere, ETSk gaur prentsari zuzenean jakinarazi dio esku-hartze garrantzitsu bat egingo dela bertan. Beraz, metro-pasantearen obrekin zerikusia duen guztiarekin gertatzen den bezala, oraingoan ere iluntasuna eta gardentasun eza dira nagusi.

Izan ere, ETSk soilik hiru hilabetez luzatuko den obra baten berri ematen du, baina ez du zehaztu obra horrek zer-nolako eraginak izango dituen. Izan ere, adituek EH Bilduri jakinarazi diotenez, horrelako esku-hartzeek eragin akustiko handia izango dute zonaldean. Gainera, ETSren ohar honek ez du aipatzen esku-hartze honek, eta proiektuaren akatsen ondorioz etorkizunean sor daitezkeen beste esku-hartze batzuek, sortuko duen gainkostua. Baina, sare sozialetan iturri extraofizialek adierazi dutenez, % 50 eta % 70 arteko gainkostuaz ari omen gara.

Gainera, ETSk gaur publiko egin duen esku-hartzeak aurrez aurre talka egiten du Eneko Goia alkatea Donostiako herritarrei helarazten ari zaien lasaitasun mezuarekin, bai adierazpen publikoetan, bai ekainaren 15ean Udal Batzordean egindako agerraldian.

Gogoratu behar da Goiak adierazi zuela ekainaren 5eko zuloa “susto” hutsa izan zela, eta dena “ongi konpondu” zela, eta ez dela kezkatu behar ez bizilagunen segurtasunaz, ez langileen lan-baldintzez. EH Bilduk gardentasuna eta argitasuna eskatzen die obraren arduradun politiko guzitiei.


Eta, horregatik, Eneko Goia alkateari eskatuko diogu urgentziazko Bozeramaileen Batzorde bat deitzeko, udal-taldeei eta Donostiako herritarrei jakinarazteko zer neurri aurreikusten diren eremuan, epe labur, ertain eta luzerako; zer-nolako eraginak izango dituzten obra berri hauek segurtasunean eta auzotarren bizi-kalitatean; ea metropasantearen obrak kostaldeko horman eraginik izan duen; zenbateko gainkostuak
aurreikusten diren; eta abar.

Izan ere, diru publikoko milioi askoko esku-hartze batetaz ari gara. Diru hori, pandemia baten erdian, osasun neurrietan inbertitu beharko litzateke (Osakidetzako langileak kontratatzeko, arakatzaile-ekipoak indartzeko…), bai eta pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko, murrizketak saihesteko eta inor atzean ez uzteko neurrietan ere. Ez dira errentagarritasun sozial txikia edo batere errentagarritasunik ez duten proiektu faraonikoetan milioiak eta milioiak xahutzeko garaiak.

Gogorarazi nahi dugu Easo-Mirakontxa zatia 53,2 milioi eurotan esleitu zitzaiola SacyrCavosa-Campezo-Mariezcurrena-Zubieder ABEEari, ETSk aurreikusitako lizitazio-prezioa baino % 26 gutxiagoren truke.