Prentsa oharra

Donostia Zinemaldiak 68. edizioa ospatuko du irailaren 18tik 26ra, eta bere Kutxabank-New Directors Sarian, Brasilgo, Erresuma Batuko, Errusiako, Espainiako, Frantziako, Hego Koreako, Herbehereetako, Irlandako, Japoniako, Poloniako, Txinako eta Vietnamgo hamaika ekoizpen lehiatuko dira. Hautatutako lan guztietatik, zazpi opera primak dira, eta gainerakoak, egileen bigarren filmak. Hala azaldu dute gaur egindako prentsaurrekoan Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak.

Film luze batekin debutatzen duten zinemagileen artean, lauk aurretik Donostia Zinemaldian garatu, saritu edo programatu diren proiektuak dituzte. Besteak beste, Isabel Lambertik (Bühl, 1987), Alemanian jaioa eta Espainian eta Herbehereetan hazia. Volando voy (2015) film laburrari esker, Nest Donostia Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketako Torino Award saria irabazi zuen, eta, orain, La última primavera / Last Days of Spring film luzearekin lehiatuko da (Madrilgo Cañada Realeko txabola-auzoan girotua). Halaber, David Pérez Sañudok (Bilbo, 1987) Aprieta pero raramente ahoga (2017) film laburrarekin parte hartu zuen Zinemira-Kimuak sailean, eta Ane aurkeztuko du aurten, desagertutako alaba bilatzen ari den ama bati buruzko film luzea.

Bestalde, Joâo Paulo Miranda Maria brasildarrak (Porto Feliz, Sâo Paulo, 1982) –Europako banatzaileen eta emanaldiak egiten dituztenen saria lortu zuen Zinema Eraikitzen 37 Toulouse sailean– Casa de antiguidades / Memory House aurkeztuko du, Brasilgo gaur egungo tentsio sozialak eta arrazazkoak biltzen dituen istorio espiritual eta fantastikoa. Grigori Kolomitsev errusiarrak (Krasnodar, 1990), berriz –Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen 2018an–, izaki mistiko bat aurkitzen duen haur baten istorioa kontatuko du Chupacabra lanean.

Hasi berrien artean Kim Mi-jo (Jeonju, 1989) korearra dago, duela gutxi, Jeonjuko zinema-jaialdiko sari nagusia lortu duena Gal-mae-gi / Gull filmari esker; filmak bortxatu duten emakume heldu baten istorioa kontatzen du. Xingyi Dong (Anyang, 1986) errealizadore txinatarrak Gē shēng yuán hé màn bàn pāi / Slow Singing lanarekin egingo du debuta (pertsonaia nagusia kartzelatik atera ondoren jaioterrira itzuli den gizon bat da), eta Suzanne Lindonek (Paris, 2000) 16 printemps Spring Blossom zuzendu eta protagonizatzen du, gizon heldu batenganako maitasunaren eta nerabezaroaz gozatzearen artean borrokatzen ari den neska gazte bati buruzkoa.
 

Bigarren filmak

Bestalde, lau zinemagile New Directors saria irabazteko lehiatuko dira euren bigarren film luzearekin. Ben Sharrockek (Edinburgo, 1988) bigarrenez parte hartuko du New Directors sailean (Pikadero lanarekin egin zuen debuta 2015ean). Oraingoan, Limbo aurkeztuko du, errefuxiatuen zailtasunei eta itxaropenari buruzko kulturarteko satira. Imanol Rayo (Iruñea, 1984) –Zinemira Sariaren irabazlea, Bi anai (2011) lanarekin– Donostiara itzuliko da, eta Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria zinemara eramango du Hil-kanpaiak filmean.

Azkenik, Silent Night (2017) opera primarekin nazioarteko oihartzuna lortu ondoren, Piotr Domalewski (Łomża, 1983) poloniarra Donostiara etorriko da lehen aldiz, eta Jak Najdalej Stąd / I Never Cry ekarriko du, laneko istripu batean hildako aitaren gorpua berreskuratzeko Irlandara bidaiatzen duen neska gazte bati buruzko filma. Akio Fujimoto japoniarra ere (Osaka, 1988) lehen aldiz etorriko da Donostiara; Boku no kaeru basho / Passage of Life (2017) bere lehenbiziko lanarekin bi sari eskuratu zituen Tokioko Nazioarteko Zinemaldiko Asian Future sailean, eta bere bigarren filmean, Umibe no kanojotachi / Along the Sea izenekoan, ikastun tekniko gisa zuen lanpostutik ihes egin eta Japonian bere familia mantentzeko legez kanpo lanean hasten den emakume vietnamdar baten istorioa kontatzen digu.

New Directors sarirako aukeratutako film guztiak lehenbizikoz proiektatuko dira mundu-mailan, film hauek izan ezik: Gal-mae-gi / Gull (nazioarteko estreinaldia), Limbo eta 16 printemps (Europako estreinaldiak).Gainera, azken bi film horiek eta Casa de antiguidades Canneseko zinema-jaialdiak aukeratu dituen filmen zerrendakoak dira, baina aurten, COVID-19aren pandemia dela eta, ezin izan dute 73. edizioa ospatu. Bestalde, La última primavera filma ACIDek –Zinema Independentea Hedatzeko Elkarteak– Cannesen egin ohi duen programazio paraleloan sartuta zegoen.