Prentsa oharra

Hautatutako proposamenak Espainiatik, Erresuma Batutik, Norvegiatik eta Alemaniatik datoz, eta honako sariak lortzeko lehian arituko dira: 10.000 euro; lehenengo urtean Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC batean inkubaziogune batera dohainik sartzeko eskubidea; eta 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratzeko aukera

Zinemaldia & Technology jardunaldia online egingo da aurten, irailaren 25ean (ostirala), eta bost proiektu finalisten aurkezepenak barne hartuko ditu, baita eskola magistral bat ere.

Zinemaldia Startup Challenge ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak sartzean oinarritutako enpresa-proiektuak proposatzen dituzten talde ekintzaile eta startup sortu berrientzako lehiaketa da, eta aurtengo edizioaren −bigarrenaren− deialdiak 40 proiektu jaso ditu Europako bederatzi herrialdetatik (Alemania, Danimarka, Espainia, Estonia, Italia, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Suedia).

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatutako deialdi horren esparrua Europa da, eta aurten jasotako proposamenen bidez konponbide berritzaileak proposatzen dira ikus-entzunezkoen arlorako, betiere honako teknologia hauetan oinarrituta, besteak beste: big data, errealitate areagotua, errealitate birtuala, Internet of Things, blockchain, adimen artifiziala eta 3D inprimaketa.

Zinemaldia & Technology jardunaldian euren proposamena defendatuko duten bost proiektu finalistak honako hauek dira: AI-Driven Video Editing Platform britainiar aplikazioa, adimen artifizialaren bidez bideoak sortzeko eta editatzeko prozesuak automatizatzen dituena; Cinesmart kataluniar plataforma, big data baliatuz eta advergamingean oinarrituta, zinema-erakustegiei zuzenduta dagoena. Compliance Management Solution for the Film and TV Industry norvegiar plataforma, adimen artifizialean eta machine learningean oinarrituta egonik hainbat lurraldetako araudi espezifikoak betetzen laguntzeko balio duena; FilmChain, Erresuma Batuko enpresa batek garatutako aplikazioa, blockchain teknologiaren bitartez ikus-entzunezkoen alorreko eragile guztien arteko finantza-transakzioak errazten dituena; eta La Quinta Pared, Alemanian garatutako aplikazioa, non erabiltzailearen mugikorra film bateko protagonistaren mugikor bihurtzen den, narratiba transmedia ekarreragileen garapena sustatzeko.

Bost finalista horiek urtebetez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BICetako (Business Innovation Center) bateko inkubaziogunean integratzeko aukera izango dute, eta 500.000 eurorainoko finantzaketa ere eskuratu ahalko dute, euren proiektuak gara ditzaten. Halaber, proiektu irabazleak −epaimahai batek izendatuak− 10.000 euro jasoko ditu.

Zinemaldia & Technology jardunaldia online egingo da aurten, COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, irailaren 25ean (ostirala), eta bost proiektu finalisten aurkezpenak barne hartuko ditu, baita laster iragarriko den eskola magistral bat ere.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, Zinemaldia Startup Challenge sustatzen du, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren esparruan, zeina Donostia Zinemaldiak, Tecnaliak, Tabakalerak (2deo ikus-entzunezkoen laborategiaren bitartez) eta Petronorrek antolatzen baitute, eta Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroaren laguntza ere badu.

Creative Europe MEDIA programaren babesa, European Film Forum plataformaren bidez.

Jardunaldiak, gainera, European Film Forum ekimenaren bidez, Creative Europe MEDIA programaren babesa jasotzen du; Europako industria zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa indartzea da MEDIA programaren xedea. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu bat da, ikus-entzunezko teknologiari eta industriari buruz hausnartzeko gune erreferente gisa finkatzeko helburua duena.