Prentsa oharra

Eguzki talde ekologistatik deitoratu behar dugu, aurten ere, gure kostaldetik gertu ontzi herrestari (arrastrero) pelagikoak topatzea. Orotara zazpi itsasontzi irlandar ere zenbatu ditugu, baina ziurrenik ontzi gehiago izango dira.

Herrestari horietako batek “ikuskizuna” eskaini zigun igande arratsaldean (2020/08/02) Ondarruko portuan: ezpata-arrain eder bat odola dariola, bizkar-hegala hautsita, kupira gabe egurtu balute bezala, benetan sare pelagikoen ondorioa bada ere. Pelagikoak, dena irensten duten sare horiek, espezie komertziala izan, ez komertziala edo babestuak.

Sare pelagikoekin arrantza egitea debekatuta dago, bai Espainian, bai EAEko uretan, nagusiki, bidean jartzen den guztia harrapatzen duelako, eta ondorioz, deskarte izugarri sortzen duelako. Izan ere, arrastea inbutu formako lastra sare bat botatzean datza, mugitzen doazen bi itsasontziren artean, eta bidean topatzen den guztia sareko hondoan jasotzen dute. Sare horiek futbol-zelai baten tamainako ahoa izan dezakete, eta ez dute helburu den espeziea bakarrik harrapatzen, mota guzTietakoak baizik, komertzialak izan, ez komertzialak edo babestuak, hala nola dortokak, izurdeak eta baleak. Sarean kateatuta igarotzen duten denborak, pilatutako pisuarekin batera, harrapakina zapuzten eragiten du, eta ehuneko handi batean itsasora itzultzen dira merkataritza-interesik ez dutelako, baina hori gauzatzen denerako deskarteko aleak hilda daude.

Arraste pelagikoa lege barruan egiten denean ere, ez da iraunkorra, arrantza-tokiak eta ekosistemak agortzen dituelako. Kantauriko arrantzaleak aldiz artisau-teknikak erabiltzen dituzte, xaxiango arrantza edo katzea kasu, hegaluzeak banan-banan harrapatuz deskarteak saihestuz.  

Hegaluzeak ere deskargatu zituzten, ezpata-arraina bezain egurtua edo gehiago,  kiloko 2-3 euroan salduko zutelarik, gero kontserba-saltzaile bihotzgaberen batek latetan gordeta, kiloko 16-21 euroan salduko digularik, amuarekin banan-bana arrantzatutako hegaluzea dela sinestaraziz eta baita ordaindu ere, benetan antza duten gauza  bakarra hegaluzeak izatean datzan  bitartean, baina inolaz ere ez berdinak, ez kalitatez, ez itsasoarekiko edo bertako bizidunekiko errespetuz, ezta produktu bat edo beste arrantzatu eta erostean  eragiten dugun aztarna ekologikoari dagokionean ere.

Jatorriz frantsesak eta irlandarrak diren arraste-ontzi horiek Europako legediaren estalkipean arrantzatzen dute nazioarteko uretan, nahiz eta, batzuetan, gure kostaldetik 12 miliatara dagoen linea gainditzen duten, teknika horiek debekatuta dauden Euskadiko eta Espainiako legedia urratuz.

Gauzak horrela, konpromiso handiagoa eskatzen diegu Espainiako eta EAEko administrazioei. Gure ustez, deskarteak, kuotak, deskargatzeko aurretiko abisuak eta lonjako pasabideak zorrotzagoak izan beharko lirateke. Era berean, euskal administrazioari eskatzen diogu trazabilitatearen kontua egia bihur dezala, kontsumitzaileak identifika dezan zein itsasontzitatik datorren, non arrantzatu den, zein arrantza-arterekin, zein portutatik datorren eta, horrela, benetan, zer produktu kontsumitu nahi duen.


Arrantzaleek ere arreta handiagoa jarri beharko lukete trazabilitatearen gaian, eta, gure ustez, haien aldarrikapen nagusietako bat izan beharko luke. Jakina, horrekin guztiarekin batera, funtsezkoa da kontsumitzaileen kontzientzia baita egoeraren jabe izan daitezen ere, eragile aktibo bihurtuz banan-bana arrantzatutako hegaluzea arraindegian erosiz horren aldeko apustua eginez, baina, batez ere, informazioa bildu behar du, zer erosten ari den jakiteko, zer produktuagatik  ordaintzen ari den jakiteko.