Prentsa oharra

Donostiako Ekonomia Sustapeneko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, Ekonomia Suspertzeko Plana (PREK) jarria du abian, Covid-19k eragindako krisiaren ondorioz. Plan horren jarduerak aurrera jarraitzen du, eta oraingoan, neurri sorta bat abiarazi da, ekintzaile berriei laguntza ematea eta gazteen kontratazioa ardatz dituena.

Horretarako, zenbait laguntza aktibatu ditu, adibidez Talentu Berritzailea programa, laguntzak gazteak kontratatzeko; edo prestakuntzarako eta laguntza pertsonalerako zerbitzuak, negozio ideia bat duten gazte langabetuentzat. Gainera, beste programa
batzuk ere jarri dira abian, adibidez, enpresak sortzeko programa, proiektu bakoitzeko 1.000 euroko laguntzarekin; edo EKIN+ programa, enpresa ekimen berritzaileak sortu eta finkatzeko. Laguntza eta zerbitzu guztiak web honen bidez eska daitezke: http://www.fomentosansebastian.eus/eu

Enrique Ramos Ekonomia Sustapeneko zinegotziak hau adierazi zuen: “krisiek ideia berrien sorrera eragiten dute, eta ideia horien ondorioz ekintzailetza prozesuak hasten dira; prozesu horiek aukerak eskaintzen dituzte, beren kontura lan merkatuan sartu nahi duten pertsona askoren lan etorkizunerako. Erregistraturiko langabezia datuek adierazten dutenez, beren lanpostua galdu duten gazteen kopuruak gora egin du pandemiaren eraginez, eta horren ondorioz zenbait laguntza sustatu ditugu: Talentu Berritzaileari emaniko laguntza, sinaturiko kontratu bakoitzeko 20.000 eurora arteko zenbatekoekin, edo Investiga Programa, ezagupenaren arloko jarduera intentsiboak helburu dituena, gazte langabetuei laguntza emateko ikerketa arloan has daitezen. Ekintzailetzaren esparruan, laguntzek esparru zabala hartzen dute: aholkularitza, proiektuen inkubagailuaren bidez; izaera ekintzailea suspertzeko programak; edo baita enpresa eratzeko diru laguntzak ere. Ematen diren zenbatekoak areagotu egiten dira proiektu berritzaileen kasuan, emakumeek sustatzen dituzten
proiektuen kasuan, bateragarritasun beharren kasuan edo Donostiako Ekialdean dauden auzoetan kokaturiko negozioen kasuan.

Hauek dira abian jarritako programak:

EKIN+
5.000 eurora arte, Donostian martxan jarriko diren enpresa ekimen berriak, edo 5 urte baino gehiago ez daramatzatenak, sortu, sustatu, hazi eta finkatzeko. Programa honen barnean sartzen da adituek emaniko laguntza prozesua ere.


ENPRESAK SORTZEA
Ekintzaileei laguntza ematea beren kontura lanpostu berriak sor ditzaten, 2020/01/01 eta 2020/12/31 bitartean enpresa berriak sortzearen bidez. 1.000 euroko diru laguntzak, eta zenbateko handiagoa emakumeentzat, bateragarritasun kasuetarako edo Donostia Sustapenaren sustapen estrategian zehazturiko auzoetan kokaturiko negozioentzat (Altza,
Bidebieta, Amara Berri, Loiolako Erriberak, Loiola, Martutene, Intxaurrondo eta Egia auzoetan). Diruz lagundu behar diren kontzeptuak hauek dira:
• Inbertsioak eta egokitzapen obrak
• Jarduerarekin zerikusia duten lokalen alokairuak
• Eratze gastuak
• Gastuak patenteak, markak eta industria diseinuak eskuratzeagatik
• Prestakuntza gastuak jardueraren garapena hobetzeko
• Autonomoen kuotak eta kontrataturiko langileen soldatak
• Sustapen eta publizitate gastuak
• Alokairu gastuak

GAZTEAK KONTRATATZEA
Investiga Programa: 6.500 eurora arteko dirulaguntzak, ezagupenean oinarrituriko jarduerak garatzen dituzten enpresei edo erakundeei bideratuta, ikasketak dituzten eta langabezian dauden gazteak kontratatzeko.
Talentu Berritzailea Programa: 20.000 eurora arteko dirulaguntzak, proiektu berritzaileak egiten dituzten enpresa edo erakundeei bideratuta, ikasketak dituzten gazteak kontratatzeko
urtebete baino denboraldi luzeagorako.

ZERBITZUAK
Reaktiva-T: Zerbitzu hau zuzentzen zaie 35 urtetik beherako pertsonei, beren ibilbide profesionala aldatu nahi dutenei, negozio ideia bat eduki eta hura garatu nahi dutenei, enpresa proiektu berritzaile bat abian jarri nahi dutenei, edo proiektuak kudeatzeari aplikaturiko eskumenak eta gaitasunak eskuratu nahi dituztenei. Hau eskaintzen zaie:
• Laguntza pertsonala eta tutoretza, partaide bakoitzaren gaitasun pertsonalak lantzeko eta prestatzeko.
• Prestakuntza, partaideei eskumenak, jarrerak eta gaitasunak emateko beren proiektuetan aplika ditzaten.

Inkubagailua: Aholkularitza adituaren zerbitzua, ekintzaileak eta bost urte baino gutxiagoko
startup-ak sustatzeko, garapen hasieran dauden eta hazteko aukera duten proiektuak
dituztenak. 20 ordu arteko aholkularitza espezializatua eskaintzen zaie.