Prentsa oharra

Donostia Zinemaldiaren work in progress berria, Zinema Eraikitzen aitzindaria ordezkatuko duena, online eta aurrez aurre egingo da irailaren 22an, 23an eta 24an.

Federico Adornoren Boreal (Paraguai eta Mexiko), Iván Funden Piedra Noche (Argentina eta Txile), Juan Sebastián Mesaren La Roya (Kolonbia eta Frantzia), Manuel Nietoren El empleado y el patrón (Uruguai, Argentina, Brasil eta Frantzia), Jeronimo Quevedoren Los restos fósiles (Argentina) eta Maximiliano Schonfelden Jesús López (Argentina eta Frantzia) film latinoamerikarrak –postprodukzio-fasean daudenak– aurkeztuko zaizkio, WIP Latam programan, profesionalez osatutako talde bati. Sei work in progress horiek WIP Latam-en Industriaren Saria eta WIP Latam Onenaren Egeda Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango dira. Aurten Zinema Eraikitzen aitzindaria ordezkatuko duen programan guztira aurkeztutako 229 ekoizpenen artean aukeratu dituzte film horiek.

WIP Latama irailaren 22tik 24ra egingo da eta online formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuko ditu. Donostiara etor daitezkeen profesionalek beti bezala aukera izango dute aretoetako emanaldiak ikusteko; Industreko online akreditazioa dutenek, aldiz urrutitik gozatu ahal izango dute zerbitzu horietan.

Boreal Federico Adornoren opera prima da; egileak jada bi film labur zuzendu ditu, Isla Alta eta La estancia, eta Rotterdameko eta Oberhausengo zinemaldietan (hurrenez hurren) arrakastaz aurkeztu ziren bere bi lan horiek. Chaco eskualde babesgabean isolatuta diharduten langile batzuen arteko harreman korapilatsua kontatzen digu filmak, ugazaba menoniarra noiz itzuliko zain daudela.

Iván Funden lehen lana Los labios (2010) izan zen, Santiago Lozarekin batera zuzendua, eta Cannesko Un Certain Regard sailean parte hartu zuen egilearen opera primak; Piedra Nochen, Funden bigarren filmean, drama fantastiko bat kontatzen digu zinemagileak, non familia-tragedia batetik abiatuta, 80ko hamarkadako iruditeria zinematografikora itzularazten gaituen.

Juan Sebastián Mesa La Royarekin itzuliko da Donostiara; proiektu hori jada aurkeztu zuen, 2017an, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan. Zuzendariak hirira migratu duten lagunekin elkartzen den nekazari gazte baten istorioa kontatzen digu filmean, non belaunaldi-ikuspegi bat hartzen duen, Los Nadien –bere aurreko filmean– egin zuen bezalaxe; Veneziako Kritikaren Asteko Publikoaren Saria irabazi zuen Los Nadie filmak.

Nahuel Pérez Biscayart da aktore nagusia El empleado y el patrónen, Manuel Nietoren hirugarren film luzean. Familiaren nekazaritza-ustiategiaren ardura berriz hartzen duen nagusi baten eta haren enplegatu gaztearen arteko harreman korapilatsuari heltzen dio filmak, eraldaketa-prozesu betean dagoen landa-esparru batean. La Perrera (2006), egilearen debuta zinema-zuzendaritzan, Zinema Eraikitzen sailean aurkeztu zen 2005ean, eta Rotterdameko Zinemaldian lehiatu zen (Tiger saria irabazi zuen bertan), baita Horizontes Latinos sailean ere.

Los restos fósilesek, Jerónimo Quevedoren opera primak, nerabe talde batek aktibismo politikora egiten duen jauzia kontatzen digu, egungo Argentinan eskolak geldialdi- eta okupazio-prozesuan daudela. Zuzendariaren bi film laburrak Nest Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketan aurkeztu ziren; egilearen ekoizpen-lanei dagokienez, berriz, nabarmentzekoak dira El auge del humano (2016), Koprodukzio Foroan parte hartu eta Locarnoko Zinemaldiak oraingo zinemagileei emandako Urrezko Lehoinabarra lortu zuena, eta Adiós entusiasmo (2017), Berlingo Zinemaldiko Forum sailean estreinatua.

Jesús López Maximiliano Schonfelden fikziozko hirugarren film luzea da, doluaren eta nerabeen identitatearen inguruko istorio aztoragarria. 2018an Proyectan aurkeztu zen filma. Germania (2012), zuzendariaren opera prima, BAFICIn saritua izan zen, eta bigarren film luzea, La helada negra (2015), Berlingo Zinemaldiko Panorama sailean estreinatu zen.

Zinema Eraikitzen sailean aurkeztutako film askok arrakasta handia izan dute nazioartean. Hona hemen duela gutxiko zenbait adibide: 2020an, Fernanda Valadezen Sin señas particularesek Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia eta World Cinema Dramatic Competition Saileko Publikoaren Saria irabazi zituen Sundance Zinemaldian; Sebastián Muñozen El Príncipe Veneziako Zinemaldiko Kritikaren Astean saritua izan zen 2019an; eta Lucía Garibaldiren Los Tiburonesek World Cinema Dramatic Competition Saileko Zuzendari Onenaren Saria irabazi zuen Sundance Zinemaldian 2019ko edizioan.