Prentsa oharra

Eslovenia, Espainia, Georgia eta Turkiako bost ekoizpenek hartuko dute parte WIP Europan, hots, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortu den Donostia Zinemaldiaren jarduera berrian. Jarduera ekoizpen gehiena Europakoa duten pelikulei zuzenduta dago, edozein hizkuntzatan, baina hegemonikoa ez den hizkuntzaren batean filmatuta egotea positiboki baloratzen da.

Aurten, WIP Europak online formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuko ditu, eta hilaren 22an, 23an eta 24an egingo da, Zinemaldiaren 68. edizioarekin batera. Donostiara fisikoki joan daitezkeen profesionalak aretoko emanaldietara joango dira, beti bezala, eta Industriaren online akreditatuek, berriz, zerbitzu horiek urrutitik baliatu ahalko dituzte.

Hauek dira ikus-entzule profesionalei aurkeztuko zaizkien eta nola WIP Europa Industria Saria hala WIP Europa Saria eskuratzeko aukera izango duten bost filmak: Inventura / Inventory, Darko Sinko-rena (Eslovenia); Mbah Jhiwo / Ancient Soul, Alvaro Gurrearena (Espainia); 918 Gau / 918 Nights, Arantza Santestebanena (Espainia); Veli / Field, Lasha Tskvitinidze-rena (Georgia); eta Iki Şafak Arasinda / Between Two Dawns, Selman Nacar-ena (Turkia, Frantzia eta Errumania).

Inventura / Inventory Darko Sinko (Ljubljana, Eslovenia. 1979) esloveniarraren fikziozko lehen film luzea da, film laburrak eta dokumentalak zuzendu ondoren. Tiroketa batetik bizirik atera ostean, pertsona askok gorrotatu egiten dutela eta, horrenbestez, bere buruaz duen irudia birplanteatu behar duela konturatzen den gizon baten gorabeherak jarraitzen ditu filmak.

Mbah Jhiwo / Ancient Soul Alvaro Gurrearen (Bartzelona, 1990) lehen lana da. Indonesian filmatua (egileak denboraldi luzeak ematen ditu herrialde hartan), filma Sisiforen mitoaren berrikuspen moduko zerbait da; Kawah Ijen sumendiaren hegaletatik sufre-harri handiak garraiatzen dituen meatzari bat da protagonista, eta haren emazteak bat-batean familiaren etxea uzten duenean, gizonaren errutinak zeharo aldatuko dira.

918 Gau Arantza Santesteban zinemagilearen (Iruñea, Espainia. 1979) pelikula esperimentala da eta 2018an Ikusmira Berriak egonaldi-programan garatutako izen bereko proiektua du sorburu. Euskaraz filmatua, kartzelaren barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratzen ditu egileak, hala nola denbora igarotzen den modua, kanpoko mundutik isolatuta egotea, giltzaperatuta egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, eta menderakuntzaren gune opakoak. Filmaren ekoiztetxeak (Txintxua Films) Glocal in Progress Industria Saria eta Glocal in Progress Saria irabazi zituen 2017an Dantza filmarekin, zeina Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean – Emanaldi Bereziak sailean aurkeztu zen.

Veli / Field Lasha Tskvitinidze (Tiblisi, Georgia. 1998) zuzendariaren bigarren film luzea da, marjinalitatearen mugatik igarotzen diren eta inguruabar pertsonal gogorrei aurre egin behar dieten pertsonaiak protagonista dituen film koral bat, hain zuzen.

Iki Şafak Arasında / Between Two Dawns Selman Nacar (Usak, Turkia, 1990) turkiar ekoizleak zuzendutako lehen filma da, eta enpresa txiki bateko langile batek lan-istripu larri izan ondoren haren jabeak dilema bat bizi duela kontatzen digu. Ekoizle gisa, Selman Nacarrek The Pilar of Salt eta Belonging obrak aurkeztu ditu Berlingo Zinemaldiko Forum sailean.

Arestian aipatutako Dantza filmaz gain, hona hemen Glocal in Progressen aurkeztu eta Donostia Zinemaldian parte hartu duten beste film batzuk: Hadrian Marcuren Un om la locul lui / A Decent Man New Directorsen egon zen 2018an, eta Ignas Jonynasen Nematoma obrak, 2018an Glocal in Progress Industria Saria eta Glocal in Progress Saria irabazteaz gain, New Directores Sailean parte hartu zuen 2019an, baita Tallinngo Black Nights zinemaldian eta Les Arcsen ere.