Prentsa oharra

Zuricheko Zinemaldiak, Donostia Zinemaldiarekin batera, zinema-azoka bat antolatuko du ekoizpen independenteetarako. Ekimen horren helburua zinemaren negozioa suspertzea eta haren eragile garrantzitsuenak Zurichen biltzea da.

Azoka Zurichen egingo da irailaren 25etik (ostirala) 28ra (astelehena). 20 film berri inguru aurkeztuko zaizkie azokako emanaldietan interesa duten erosleei eta zinemaldietako programatzaileei. “Gaur egungo mundu-pandemia dela eta, balio artistiko handiko film independente asko ezin izan ziren estreinatu azoketan, eta orain, gainera, zinema-aretoetan ezin estreinatu geratzeko arriskua ere badute”, azaldu du Christian Jungen Zuricheko Zinemaldiko zuzendari artistikoak. “Halako filmei banatzaile bat aurkitzen lagundu nahi diegu, eta horregatik, Zuricheko lehen Zinema Azoka antolatzen ari gara, gure kide Donostia Zinemaldiarekin batera”.

“Ekimen hori ikusi ezin izan diren filmak erosle eta banatzaileei erakusteko aukera emateko baliagarria izan dadin nahi genuke, eta gure lankidetzaren bidez, munduko industria zinematografikoari biziberritzen lagundu nahi diogu. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu Zuricheko Zinemaldiko gure lagunei, aurten hasi den etorkizuneko ekimen honetan parte hartzeagatik”, nabarmendu du José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak. Donostia Zinemaldiak babes estrategikoa ematen dio ekimenari, baina ez du azokaren edizio fisikorik izango.

Zurich Summit – Think Thank 2020

Azokarekin batera, Zurich Summit delakoak industriako eragile nagusiak bilduko ditu berriz ere. ‘Boutique Conference’ deritzonak nazioarteko eta nazioko ekoizleak, salmenta-exekutiboak, zinema, telebista eta entretenimenduko sortzaileak eta teknologia- eta finantza- enpresaburuak bilduko ditu. Inoiz baino premiazkoagoa da industria zinematografikoaren etorkizunaren inguruan ideiak trukatzea eta elkarri inspiratzea, batik bat, banaketari, akordioak finkatzeari eta nazioarteko lankidetzari dagokienez.

Azokako parte-hartzaileek online trukatu ahal izango dituzte euren ideiak Zuricheko Zinemaldiko Who is Who direktorioaren bidez, eta banakako bilera propioak antolatzeko aukera ere izango dute.

“Zinemaren mundua ez zebilen zine-azoka berri baten bila, baina aparteko garaietan aparteko neurriak hartu behar dira”, adierazi du Reta Guetg Zuricheko Zinemaldiko Industria-arduradunak. “Azoka ekimen paregabetzat hartzen ari gara, mundu berri honetan, non gure bidea oraindik aurkitu ez baitugu”, adierazi du, bestalde, Christian Jungek. “Ekimena interes handiz hartu da nola Europako industria zinematografikoan hala Estatu Batuetakoan, eta oso pozgarria da hori, jakina”.

Erosle, salmenta-agente eta zinemaldietako programatzaile interesdunek azokarako sarbide gehigarri bat jasoko dute, Industriako akreditazioarekin. Akreditazioak online eska daitezke irailaren 17ra bitarte.