Prentsa oharra

Donostia Sustapenaren bidez lortutako hitzarmenak, halaber, planteatzen du kontsumo bonuak martxan jartzea eta enpresa proiektuei laguntza ematea ekintzailetza sustatzeko, lehiakortasuna hobetzeko eta enplegua mantentzeko, baita hiriko ostalaritza sektorean genero berdintasuna sustatzea eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea ere, esaterako, 45 urtetik gorako pertsonak edo lehen enpleguko gazteak.

Donostia Sustapenak, hiriaren garapen ekonomikoaz arduratzen den udal erakundea denez, hitzarmen bat sinatu du berriz ere Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearekin, sektore estrategikoa delako enpleguan duen pisuagatik, dinamismoagatik eta hiriko jarduera
ekonomikoa sortzeko egiten duen ekarpenagatik, baita bisitariak erakartzeko duen gaitasunagatik ere, hiriarentzat diru iturri bat sortzen baitu. Sustapen ekonomikorako zinegotzi Enrique Ramosek hau adierazi du: “Aurten, 2020. urtean, Covid-19ak eragindako krisiak gogor jo du ostalaritza sektorea, konfinamenduan geldiarazita egoteagatik, ostalaritza establezimenduei ezarritako murrizketengatik eta kontsumitzeko eta sozializatzeko moduak aldatzeagatik. Egoera berri horrek agerian uzten du sektore horri lagundu behar zaiola, jarduera eta enplegua mantentzen lagunduz, eta eraldatzeko eta irtenbide teknologiko eta negozio eredu berrietara egokitzeko laguntza emanez”.

Bi aldeek sinatutako hitzarmenak ekintza hauek jasotzen ditu:

1.- Enpresa proiektuei laguntzea lehiakortasuna hobetzeko, enplegua mantentzeko eta ekintzailetza sustatzeko. Baliabideak emango dira sektoreko enpresei aholkularitza emateko, beren jarduera mantentzeko eta enplegua sendotzeko, ostalaritza sektoreko lan eskaintzak bilduz, bitartekaritza eginez eta kudeatuz. Arreta berezia jarriko da lan munduan txertatzean, genero berdintasuna eta laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboen enplegagarritasuna bultzatzen dela.

2.- Ostalaritza sektorea sustatzeko ekintzak:
• Erosketa bonuen bidez kontsumoa sustatzeko kanpaina bat egitea.
• Eredu errentagarri batekin etxez etxeko kontsumo zerbitzua sustatzea.

3.- Sektorearen berrikuntzaren aldeko apustua egitea. Ardatza izango da, pandemiak sortutako erronkei erantzuteko (edukierak, urruntzea, online salmenta, banaketa, logistika, kudeaketa digitala, datuak, etab.) tokiko ekosistema berritzaileak ematen dituen irtenbide teknologikoak hedatzea.

Horretarako, irtenbide teknologikoen lehiaketa bat jarriko da
martxan, eta hiriko profil ekintzaileek parte hartu ahal izango dute.

Hitzarmenak 94.500 euro jarriko ditu, Sustapen Ministerioak PREKen (Suspertze Ekonomikorako Planaren) barruan ostalaritza sektoreari ematen dion laguntzatik. PREK hiriko pertsonei eta enpresei erantzuteko tresna da, eta hainbat neurri ditu enplegua eta enpresa jarduera ekonomikoa mantentzen laguntzeko sektore kaltetuenetan.

Ostalaritzaren sektoreak 8.326 pertsona okupatu zituen hirian 2019an, eta bere pisua % 8,4koa izan zen Donostiako enplegu guztiaren gain, hau da, laugarren jarduera ekonomikoa zen enpleguaren pisuaren arabera. Ostalaritzak hiriko BPGd-an % 6,5eko pisua du. Datu horiek asko aldatu dira 858 ABEEE eta jarduera uzteak eskatu ondoren, 5.834 pertsonak galdu baitute enplegua.