Prentsa oharra

Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Garraioaren Ikerketa Zentroak 2019an egindako azterlan bati jarraituz, Donostia lehena da Espainiako 27 hiri adimendun ertainen artean, talentua erakarri eta eusteari dagokionez. Txostenarekin bat, hiri adimendunek talentuaren alde egin behar dute,
erakargarritasuna giltzarri den aldetik. Halaber, pertsona kualifikatuak babestu egin behar dituzte, lan merkatuan txertatzeko edo jarduera berriak sortzeko. Gainera, Donostia lehena da gobernantzan, mugikortasunean eta kapital intelektualean ere. Hiri adimendun gisa egin dituen aurrerapausoengatik nabarmentzen da, eta lehen hamar hirien artean dago ebaluazio horretan aztertu diren alderdi guztietan. Talentua erakarri eta eusteko estrategian lehena izateko, Donostiako Sustapenak hartutako neurriak aintzakotzat hartu dira; adibidez, udal ekipamenduak (Talent House), atzerriko talentuari harrera egiteko egonaldien programak (egoitzen Connecting Talent programa), eta talentudunak itzultzeko programak.

Horren harira, Bultzada Ekonomikoko zinegotzi Enrique Ramosek hau adierazi du: “Harro gaude, duela zenbait urtez geroztik talentua erakartzeko abian dugun estrategiarekin egindako lana aitortu dutelako. Ahalegin handia egin dugu programa garrantzitsuak sendotzeko; esate baterako, egoitzena. Horren barruan, laguntza ekonomikoak ematen zaizkie hirian proiektu berritzaileak abiarazi nahi dituztenei. Talentudunak itzultzeko laguntzak ere baditugu, eta, bestalde, ikerlariek ostatu hartzeko Talent House eraikinak arrakasta handia lortu du. Izan ere, Talent House II izango denarekin handituko da, proiektua egina baitago jada”.

Talentua erakarri eta horri eusteari buruzko azterlana prestatzean, hainbat alderdi aztertu dituzte: beren garapen profesionalari begira Donostia hautatzen dutenei harrera egiteko baliatzen diren udal ekipamenduak;
egonaldien programak (ostatua eta ekarpen ekonomikoak), kanpotik datozen profesional eta ekintzaile berritzaileentzat; talentudunak itzultzeko programa espezifikoak; eta tokiko entitateentzako laguntza,
kualifikazio handiko profesionalak kontrata ditzaten.

Donostiaren kasuan, beren karrera profesionala bertan bideratu nahi dutenentzako baliabide nagusia Talent House da. Bizitegi eraikin bat da, 2011n inauguratu zena, eta hasierako harrera plan gisa erabiltzen da,
Donostiako zentroek, unibertsitateek eta enpresek goi mailako talentudunak edo ikerlariak erakar ditzaten laguntzeko. Zehazki, 310 ikerlarik eta beren familiek ostatu hartu zuten han 2019an. Donostiakoak ez diren profesionalentzako egonaldien programen harira, egoitzen programa abian du Donostiako Sustapenak. Horren barnean, bidaia gastuen % 50 ere ordaintzen da, dietari dagozkion 750 € hilean ordaintzen dira, ostatua ematen da Donostian egonaldiak iraun bitartean, baita lan egiteko tokia, aholkularitza eta adituen laguntza ere. Halaber,
Talentu Berritzailea eta Ikertu programen deialdiak zabalik daude, gazte kualifikatuak kontratatzeko xedez.

Gobernantzaren zerrendan, Donostia lehena da, eta gertu ditu Gasteiz eta Castelló de la Plana, bigarren eta hirugarren tokian, hurrenez hurren. Mugikortasunaren zerrendan, Donostiak ahal zen puntu kopururik handiena lortu du, eta tarte handia atera die Granadari eta Logroñori, adibidez. Bi hiri horiek bigarren dira zerrenda horretan. Kapital intelektualaren zerrendari dagokionez, Donostia lehena izan da, eta bigarrena, berriz, Iruña.

Ingurumen iraunkortasunean, Donostia hirugarren hiria izan da, aztertu diren Espainiako 27 hirien artean. Orobat, hirugarren suertatu da garapen ekonomikoaren alorrean. Horrezaz gain, azterlanean jaso da Granadak, Terrassak, Donostiak eta Castelló de la Planak lortu dutela puntu kopururik handiena hiri adimendunen planetan. Plan horiek ezartzen hasi dira, eta, haietan, hiri adimendunen sei ardatzetan sakontzen da, ildo estrategiko eta helburu jakin batzuk dituzte, eta jarduteko plan bat, aurretik finkatutako epemuga bati begira. Bestalde, web orrietan atal espezifiko bat dago, eta, hartan, herritarrek plana ikus dezakete.

Azterlanean erreparatu zaien 27 hirietan, 150.000 eta 250.000 biztanle artean daude. Nahiz eta Espainiako udalerrien % 0,33 besterik ez den, herrialdeko biztanleria osoaren % 11,38 haietan bizi da. Hiri hauek dira:
Gasteiz, Fuenlabrada, Coruña, Alcalá de Henares, Granada, Leganés, Elx, Donostia, Oviedo, Getafe, Terrassa, Burgos, Badalona, Albacete, Cartagena, Santander, Jerez de la Frontera, Castelló de la Plana, Sabadell, Alcorcón, Móstoles, Santa Cruz la Lagunakoa, Santa Cruz Tenerifekoa, Logroño, Iruña, Badajoz, eta Almería.