Prentsa oharra

Juan Cavestanyren film luze berria eta Carla Simón eta Dominga Sotomayor, Marina Palacio eta Laida Lertxundiren film laburrak ere estreinatuko dira sailean

Guztira, 19 film lehiatuko dira Zabaltegi-Tabakalera Sarirako, Donostia Zinemaldiko lehiaketa-sail irekienean, eta Philippe Garrel, Hong Sang-soo eta Peter Strickland zinemagile ospetsuek hartuko dute parte, besteak beste. Programatutako hamar film luzeetatik eta bederatzi film laburretatik, batzuk Berlingo azken zinema-jaialdian saritu edo eman ziren, eta beste batzuek, halaber, Cannesko azken zinema-jaialdian –azkenean bertan behera utzi zenean– parte hartu behar zuten edo laster Veneziako Mostran eta Torontoko zinema-jaialdianegongo dira.

Berlingo zinema-jaialditik datozen eta Espainian estreinatuko diren lanen artean, Hong Sang-soo (Seul, 1960) ekoizle hegokorear ospetsuarena nabarmendu behar da; hala, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen filma emango da: Domangchin yeoja / The Woman Who Ran. Sang-sook Donostia Zinemaldiaren beste edizio batzuetan ere hartu izan du parte, zehazki, Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours (Sail Ofiziala, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra 2016an) eta Geu-hu / The Day After (Zabaltegi-Tabakalera Sailean 2017an) filmekin.

Philippe Garrel (Paris, 1948), azken hamarkadetan Frantziako zineman funtsezkoa izan dena, Donostiara itzuliko da azken Berlinaleko Sail Ofizialean aurkeztu zuen filmarekin. La sel des larmes / The Salt of Tears filmak landaguneko gazte baten eta Parisko hainbat emakumeren arteko harreman gorabeheratsuak kontatzen ditu. 2007an, Donostia Zinemaldiak Philippe Garrel Ezagutu atzerabegirakoa egin zuen; halaber, L’amant d’un jour / Lover for a Day (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) eta La frontière de l’aube (Zabaltegi-Bereziak, 2008) ere aurkeztu zituen zinemagile frantsesak Zinemaldian.

Tsai Ming-Liangen (Kuching, Malaysia. 1957) Rizi / Days filmak Berlinalean ere hartu zuen parte; are gehiago, Epaimahaiaren Teddy Saria lortu zuen bakarrik sentitzen direlako elkarrekin denbora igarotzen duten bi gizoni buruzko film horrekin. Venezian behin baino gehiagotan saritu izan dute zinemagilea: A qing wan sui / Vive l’amour (1994) lanarekin Urrezko Lehoia jaso zuen, eta Jiao You / Stray Dogs filmarekin (2013), berriz, Epaimahaiaren Sari Berezi Nagusia; Taiwanen bizi den zuzendari malaysiarrak Zabaltegin aurkeztu zuen bere lehenengo lana, Qing shao nian nuo zha / Rebels of the Neon God (1993).

Los conductos filmak sekta erlijioso baten kontrolpetik ihes egin duen gizon baten abentura kontatzen digu, eta lan horri esker, Opera Prima Onenaren GWFF Saria eman zitzaion Camilo Restrepo (Medellín, 1975) kolonbiarrari Berlingo zinema-jaialdiko Encounters sailean. Atal horretan bertan, Catarina Vasconcelos (Lisboa, 1986) portugesak Fipresci saria erdietsi zuen A metamorfose dos pássaros / The Metamorphosis of Birds lanarekin, zeinak zuzendariaren beraren familia-iragana irudikatzen baitu. The Trouble with Being Born Sandra Wollner (Leoben, 1983) austriarraren bigarren lana da, neskato-itxurako androide bat protagonista duena, eta Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Encounters sailean. Song Fang (Nanjing, 1978) zinemagile txinatarrari dagokionez,  CICAE Art Award saria irabazi zuen Berlingo azken zinema-jaialdiko Forum sailean bere bigarren filmarekin; Ping Jing / The Calming filmak hogeita hamar urte inguruko dokumental-zuzendari baten nahigabeak kontatzen dizkigu.

Nicolás Pereda (Mexiko Hiria, 1982) Cannesko, Berlingo eta Veneziako zinema-jaialdietan egon da, eta Torontoko Zinemalditik igaro ondoren, Fauna estreinatuko du nazioartean. Indarkeria Mexikoko herri-iruditerian nola sartu den kontatzen digu Fauna komediak. Zinemagilearen lanen artean Perpetuum Mobile (2009) –Zinema Eraikitzen lehiaketan hautatua izan ondoren Horizontes Latinos Sailean lehiatu zena– eta Verano de Goliat (2011) –4+1: Mexikoko Zinema Garaikidea atzerabegirakoan barne hartu zena– dira nabarmentzekoak.

Adilkhan Yerzhanov (Djezkazgan, 1982) zuzendari kazakhstandarrak, zeina duela urtebete lehiatu baitzen Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean A Dark-Dark Man (2019) filmarekin, berriz ere izango da Donostian, Zheltaya koshka / Yellow Cat filmarekin, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean parte hartu ondoren (zan ere, filmak Espainian izango duen estreinaldia Donostia Zinemaldian egingo da); iragan kriminala atzean utzi eta zinema-areto bat muntatu nahi duten bi maitaleri buruzkoa da filma.

Halaber, duela aste batzuk iragarri den bezala, Juan Cavestanyk (Madril, 1967) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Un efecto óptico filmaren mundu-estreinaldiarekin; Pepón Nieto eta Carmen Machi denbora-begizta batean harrapatuta geratuko dira film horretan.


Bederatzi film labur

Zabaltegi-Tabakalerak bederatzi film labur ere eskainiko ditu, eta horietako bat film luzeekin esperientzia luzea duen zinemagile batek zuzenduta dago. Peter Strickland (Reading, 1973) britainiarrak Cold Meridian aurkeztuko digu, dantza eta onirismoa uztartzen dituen sei minutuko film bat. Stricklandek kultuzko filmak egin izan ditu, hala nola Katalin Varga (2009) –2014an Zinemaldiak Eastern Promises atzerabegirakoan sartu zuena–, Berberian Sound Studio (2012), The Duke of Burgundy (2014), eta In Fabric (Sail Ofiziala, 2018).

Bestalde, Leonardo van Dijl belgikarrak (Kortrijk, 1991), Umpirerekin (2015) Nesten aipamen berezia lortu zuenak, Stephanie proiektuaren emaitza erakutsiko digu; Stephanie filma, 2017an Ikusmira Berriak programan parte hartu zuena, presio handia jasan behar duen 11 urteko gimnasta bati buruzkoa da. Bestalde, Sameh Alaa (Kairo, 1987) egiptoar zuzendariak gizon batek bere maitalearekin elkartzeko egin beharko duen bide bihurgunetsua kontatzen digu I am Afraid to Forget Your Face filmean. Bi lan horiek Cannesko zinema-jaialdiko film laburren hautaketa ofizialean zeuden, baina jaialdi horren 73. edizioa ezin izan da egin, azkenean, COVID-19aren pandemia dela eta.

Naïla Guiguet frantsesak (Vitry-sur-Seine, 1988) techno musikako LGBT+ gau-emanaldi batean filmatu zuen bere lehenengo film labur profesionala; hala, Cannesko Kritikaren Astean hautatu zen Dustin, baita Toronto eta Vila Do Conde zinema-jaialdietan ere. Pedro Peraltak (Lisboa, 1986), berriz, Noche perpetua aurkeztuko du, 1939an Espainiako gerraostearen hasieran gertatutako benetako istorioa batean oinarritutakoa. Gainera, Bell Zhong (Shanghai, 1991) Huan le shi guang / Having a Good Time film labur berriarekin lehiatuko da, Diao Yinan eta Bi Gan zuzendarien agindupean lehen zuzendari-laguntzaile gisa lan egin ostean filmatutako lan horrekin, hain zuzen.

Azkenik, Zabaltegi-Tabakalerak Espainian ekoitzitako hiru film labur –jada iragarriak– programatuko ditu. Carla Simón (Bartzelona, 1986) eta Dominga Sotomayor (Santiago, Txile. 1985) zinemagileek elkarri trukatutako ikus-entzunezko gutunei buruzkoa da CorrespondenciaYa no duermo, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan hautatua, Marina Palacioren (Donostia, 1996) debuta da, Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) graduatu ondoren filmatua; Autoficción lan esperimentala da, Laida Lertxundirena (Bilbo, 1981).

Zinemaldiak izendatutako epaimahai batek erabakiko du zein filmek jasoko duen Zabaltegi-Tabakalera saria; 20.000 euro entregatuko dira guztira: 6.000 euro filmaren zuzendariari, eta gainerako 14.000 euroak, film irabazlea Espainian banatuko duen banatzaileari.