Prentsa oharra

Horizontes Saria irabazteko hautagaien artean, bi mundu-estreinaldi eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Forotik eta Zinema Eraikitzen Sailetik ateratako beste hainbeste obra daude

Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia eta Mexikoko bederatzi ekoizpenek (Alemania, Frantzia eta Espainiaren parte-hartzearekin) hartuko dute parte Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Horizontes Latinos Sailean. Film horietako bi mundu-estreinaldiak izango dira, eta beste hainbeste, berriz, Zinemaldiko Industriaren jardueretan hala nola –Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Zinema Eraikitzen Sailean– sortutako proiektu zaharrak. Gainera, obretako zenbaitzuk nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuek (kasu baterako, Berlinale, Veneziako Mostra eta Sundance) hautatu edo saritu dituzte.

Leonardo Medel (Concepción, 1983) txiletarrak hainbat film labur eta proiektu interaktibo zuzendu ditu, eta bere bigarren film luzea aurkeztuko digu; Coach (2015) izan zen bere lehenengo film luzea. La Verónicak mundu-estreinaldia izango du Donostia Zinemaldian eta Mariana di Girolamo (Ema, Pablo Larraín, Perlak, 2019) du aktore nagusi. Sare sozialetan oso ezaguna den modelo baten bizitza kontatzen digu filmak; bere lehen alabaren hilketaren susmagarri nagusitzat hartuko da protagonista.

Donostia Zinemaldiko hainbat sailetan arituak, lau idazlek (aktore, zinemagile, irakasle eta antzerkigile ere badirenak) elkarrekin zuzendu dute Edición limitada Unlimited Edition. Film luze horretan Virginia Cosin (Caracas, 1973), Edgardo Cozarinsky (Buenos Aires, 1939), Santiago Loza (Córdoba, 1971) eta De nuevo otra vez (2019) lanarekin Horizontes Saria irabazi zuen Romina Paula (Buenos Aires, 1979) egileek idazketaz, irakurketaz, belaunaldi-talkaz eta sormen-prozesuaz gogoeta egiten dute. Autoretza kolektiboko film honek ere Donostia Zinemaldian izango du mundu-estreinaldia.

Mamá, mamá, mamá / Mum, Mum, Mum Sol Berruezo Pichon-Rivière (Buenos Aires, 1996) argentinarraren debutak Nazioarteko Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen Berlingo zinema-jaialdiaren Generation sailean. Zuzendariak Cleoren bizitzako gorabeherak kontatzen dizkigu: neskatoak bere ahizparen heriotzari aurre egin beharko dio, heldurik gabeko mundu batean eta bere unibertso femenino eferbeszentean sartuko duten hiru lehengusinekin batera.

Todos os mortos All The Dead Ones filmak Berlingo azken zinema-jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu zuen eta Caetano Gotardo (Vila Velha, 1981) eta Marco Dutra (Sâo Paulo, 1980) brasildarrek elkarlanean sortutako proiektu berria da. Bakoitzak bere lanak ere egin izan dituzte, baina Gotardo As boas maneiras (2017) filmaren –Dutraren aurreko filmaren– muntatzailea izan zen, eta oraingo honetan, elkarrekin idatzi eta zuzendu dute XIX. mendearen amaierako Brasilen girotutako istorio hau, antzinako nagusiei eta zerbitzariei buruzkoa (justu garai hartan deuseztatu zen esklabotza).

Natalia Metak (Buenos Aires, 1974) El prófugo / The Intruder aurkeztuko digu. Berlingo zinema-jaialdian ere parte hartu zuen filmak, eta filmen bikoizketa-lanetan diharduen abeslari liriko bati buruzkoa da; protagonistak gertakari traumatiko bat pairatuko du eta ezingo da lehengoratu. Literatura-edizioan eskarmentua du eta Muerte en Buenos Aires (2014) izan zen Metaren opera prima, baina beste film batzuen –adibidez, Las acaciasen (Pablo Giorgelli, Horizontes Latinos, 2011) eta Zamaren (Lucrecia Martel, 2017)– ekoizle elkartua ere izan da.

Carolina Moscoso txiletarrak (Santiago, 1986), animazio-proiektu, bideoklip eta antzezlanetan esperientzia du zuzendari eta muntatzaile gisa, eta Visión nocturna Night Shot aurkeztuko digu Horizontes Latinos Sailean; bortxaketa bat zer den eta noiz amaitzen den galdetzen duen ez-fikziozko lana da Visión nocturna. Lehen film luze honekin, Marseillako aurreko zinema-jaialdian Nazioarteko Lehiaketako Film Onenaren Sari Nagusia irabazi zuen egileak.

Debuta Hoy partido a las 3 (2017) filmarekin egin zuen Clarisa Navas argentinarrak (Corrientes, 1989) Las mil y una / One in a Thousand bere bigarren filmarekin parte hartuko du Horizontes Latinos sailean; izan ere, Las mil y una proiektua Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Forotik atera zen 2018an. Azken Berlinaleko Panorama saila ireki zuen filmak eta Jeonjuko zinema-jaialdian (Hego Korea) film onenaren saria irabazi zuen, lehen maitasun-istorioaren gorabeherei aurre egin behar dien neska gazte baten istorio bati esker.

Yulene Olaizola (Mexiko Hiria, 1983), zeinaren debutak –Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo (2008)– BACIFIn estreinatu eta aipamen berezia lortu zuen Horizontes Latinos-en, sail honetara itzuliko da Selva trágica / Tragic Jungle obrarekin (laster Veneziako Mostraren Orizzonti Sailean ere izango da filma). Rotterdamgo zinema-jaialdian eta Cannesko Quinzaine des réalisateurs hautaketan izan diren filmen egileak, hala, maien oihanaren barren-barrenean kokatu du bere filma oraingoan, Mexiko eta Belize artean, non emakume gazte eder eta misteriotsu batek antzinako elezahar bat piztuko duen oihanaren bihotzean.

Sin señas particulares Identifying Features Fernanda Valadez (Guanajuato, 1981) mexikar ekoizleak zuzendutako lehen film luzea da; filmak Zinema Eraikitzen Industria Saria jaso zuen 2019ko Donostia Zinemaldian eta Sundance zinema-jaialdiren aurreko edizioan World Dramatic Competition lehiaketan estreinatu zen, non Publikoaren Saria eta Epaimahaiak Gidoi Onenari emandako Sari Berezia jaso baitzituen. Filmak Magdalenaren bidaia kontatzen digu; protagonista AEBko mugara joango da, bere seme desagertuaren bila.

Sail horretako film guztiak Horizontes Saria lortzeko lehiatuko dira eta, horrenbestez, 35.000 euro eskuratuko ditu film irabazlearen zuzendariak eta Espainian banatzeko ardura duen banatzaileak; gainera, Gazteriaren TCM Saria ere eskuratu ahalko dute hautagaiek zuzendutako lehen edo bigarren filmek, zehazki, honako hauek: Mamá, mamá, mamá Mum, Mum, Mum, Las mil y una One in a ThousandEl prófugo / The IntruderSin señas particulares Identifying FeaturesLa Verónica eta Visión nocturna Night Shot.