Prentsa oharra

Christian Johannes Kochen ‘Spagat / Grand Écart’ da New Directors lehiaketan azkenik sarturiko filma

Zabaltegi-Tabakalera Marta Ribeiroren ‘Simon Chama / Simon Calls’ film luzearekin osatuko da

Ziynag Zhou zuzendari txinatarraren Wuhai filmak osatuko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartuko duten filmen zerrenda, eta Christian Johannes Koch suitzarraren Spagat Grand Écartek itxiko du New Directors lehiaketa, azkenik sarturiko filma izanik. Gainera, Zabaltegi-Tabakalerak Marta Sousa Ribeiro portugaldarraren Simon Chama / Simon Calls ere bilduko du.

Ziyang Zhou (Ordos Hiria, 1983) txinatar zuzendaria bere bigarren lanarekin (Wuhai) sartuko da lehiaketan. Wuhai, filmari izena ematen dion hiri txikia, Barne Mongolian dago, eta bertan gertatzen da, hain zuzen, filmak irudikatzen digun ekintza, finantza-zailtasunak dituzten senar-emazte zoriontsu batean ardaztua. Egileak aitorpen ugari jaso zituen bere opera primarekin, Old Beastekin (2017), nola bere herrialdean hala bere herrialdetik kanpo.

Hala, Wuhaik Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren hamabi filmen zerrenda ixten du. Ildo horretan, Sail Ofizialean zinemagile entzutetsuak ariko dira lehian, hala nola Pablo Agüero (Akelarre), Danielle Arbid (Passion simple), Sharunas Bartas (In The Dusk), Naomi Kawase (Asa Ga Kuru / True Mothers), Antonio Méndez Esparza (Courtroom 3H), François Ozon (Été 85 / Summer of 85) eta Thomas Vinterberg (Druk / Another Round). Halaber, ibilbide laburragoko zuzendariak ere ariko dira lehian, adibidez, Eduardo Crespo (Nosotros nunca moriremos / We Will Never Die), Dea Kulumbegashvili (Dasatskisi / Beginning), Harry Macqueen (Supernova) eta Takuma Sato (Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?).

Lehiaketaz kanpo, Rifkin’s Festival (Woody Allenen komedia berria, Sail Ofiziala irekiko duena) eta Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios telesaila izango dira ikusgai. Lehiaketaz kanpo baita ere, Matt Dillonen El gran Fellove film luze dokumentala eta bi telesail programatu dira emanaldi berezi gisa: Aitor Gabilondok sortutako Patria eta Luca Guadagninoren We Are Who We Are.

EGILEEN HAMABI LEHEN ETA BIGARREN FILM NEW DIRECTORSSAILEAN

Bestalde, Spagat / Grand Écart-ek –Christian Johannes Kochek zuzendutako film luzeak– osatuko du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko New Directors lehiaketa. Azkenik sartutako lan horrekin, egileen opera primak eta bigarren filmak erakusten dizkigun sailaren zerrenda ixten da. Guztira, hamabi izango dira aurten Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehian arituko diren lanak, zeinak herrialde hauetakoak izango baitira: Brasil, Txina, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Irlanda, Japonia, Polonia, Erresuma Batua, Errusia, Suitza eta Vietnam.

Christian Johannes Koch (Luzerna, 1986) suitzarrak Nesten parte hartu zuen film labur batekin, Über Uns Elektrizität (2013), eta oraingoan itzuliko da zuzendu duen lehen film luzea aurkezteko: Spagat Grand Écart Suitzako landa-eremuan dago girotuta, eta familia-bizitza itxuraz lasaia daraman baina ikasle baten aitarekin isilpeko harremana duen irakasle bat bizi da bertan.

Spagat filmak bat egiten du aldez aurretik Donostian garatu, saritu edo programatutako proiektuen egileek zuzendutako eta New Directorsen bildutako eta beste lau lehen filmekin: Isabel Lambertik La última primavera / Last Days of Spring filmarekin parte hartuko du, Volando Voy (2015) film laburrarekin Nesten Torino Award saria lortu ondoren; David Pérez Sañudok –Aneren egileak– Aprieta pero raramente ahoga (2017) film laburra aurkeztu zuen Zinemira-Kimuak lehiaketan. João Paulo Miranda Mariak Europako Banatzaile eta Erakustokien Saria irabazi zuen Tolosako Zinema Eraikitzen 37 ekimenean eta orain Casa de antiguidades Memory House erakutsiko digu; Grigory Kolomytsevek, azkenik, Ikusmira Berriak programaren egonaldia egin zuen 2018an eta Chupacabra aurkeztuko digu oraingoan.

New Directors lehiaketan parte hartuko duten gainontzeko lehen filmak honako hauek dira: Kim Mi-joren Gal-mae-gi Gull; Xingyi Dongen Gē shēng yuán hé màn bàn pāi / Slow Singing; Suzanne Lindonen 16 printemps Spring Blossom. Gainerako lau filmak egileen bigarren lanak dira: Ben Sharrocken Limbo; Imanol Rayoren Hil kanpaiak / Death Knell, Piotr Domalewskiren Jak Najdalej Stad I Never Cry eta Akio Fujimotoren Umibe no kanojotachi / Along the Sea.

Hamabi film luzeek Kutxabank-New Directors saria irabazteko aukera izango dute; zehazki, 50.000 euro jaso ahalko dituzte, eta zenbateko hori zati berdinetan banatu beharko da filmaren zuzendariaren eta hura Espainian banatzeko ardura izango duen banatzailearen artean; halaber, Gazteriaren TCM Sarirako hautagaiak ere izango dira.

HOGEI LAN ZABALTEGI-TABAKALERAN

Zabaltegi-Tabakalerak beste film bat ere izango du, Simon Chama / Simon Calls; hala, 20 izango dira guztira Zinemaldiko lehiaketa-sail irekiena osatuko duten film luze eta laburrak. Marta Sousa Ribeiro (Lisboa, 1992) da filmaren zuzendaria, eta hainbat film labur eta telesail zuzendu eta VIDEOLOTION ekoiztetxea sortu zuenetik, film luze bat estreinatuko du, bere bizitza aldatzea espero duen gazte bati buruzkoa.

Zabaltegi-Tabakalerak izango dituen hamaika film luzeen artean, Berlingo Zinema-jaialdian izandako hauek nabarmentzen dira: Hong Sang-sooren Domangchin yeoja/The Woman Who Ran; Philippe Garrelen La sel des larmes/The Salt of Tears; Tsai Ming-Liangen Rizi/Days; Camilo Restreporen Los conductos; Catarina Vasconcelosen A metamorfose dos pássaros / The Metamorphosis of Birds; Sandra Wollnerren The Trouble with Being Born; eta Song Fangen Ping Jing / The Calming. Halaber, sailak Nicolás Peredaren eta Adilkhan Yerzhanoven azken lanak (Fauna eta Zheltaya koshka / Yellow Cat, hurrenez hurren) ere erakutsiko ditu (Torontoko zinema-jaialdian eta Veneziako Mostran ere izango dira film horiek), baita Juan Cavestanyren Un efecto óptico / An Optical Illusion / Interval filmaren mundu-estreinaldia ere.

Azkenik, Zabaltegi-Tabakalerak bederatzi film labur ere barne hartuko ditu, zuzendari hauenak: Peter Strickland (Cold Meridian), Leonardo van Dijl (Stephanie), Sameh Alaa (I am Afraid to Forget Your Face), Naïla Guiguet (Dustin), Pedro Peralta (Noche perpetua Perpetual Night), Bell Zhong (Huan le shi guang / Having a Good Time), Carla Simón eta Dominga Sotomayor (Correspondencia Correspondence), Marina Palacio (Ya no duermo) eta Laida Lertxundi (Autoficción / Autofiction).