Prentsa oharra

Julia Navarroren izen bereko liburuan oinarrituta dago telesaila, Irene Escolar da protagonista eta Eduard Cortés zuzendaria

Donostia Zinemaldiaren 68. edizioak Dime quién soy telesailaren mundu-estreinaldia hartuko du; Irene Escolar da Julia Navarroren izen bereko eleberrian oinarritutako eta Eduard Cortések zuzendutako telesailaren protagonista. Aurkezpena irailaren 21ean egingo da Victoria Eugenia Antzokian, Movistar+ Galan.

Dime quién soy, Movistar+en nazioarteko lehen ekoizpena bidaia bat da XX. mendeko gertakari historiko garrantzitsuenetan zehar, eta Amelia Garayoaren bizitzaren bidez kontatzen zaigu, zeinak konbentzio sozialak haustea eta abenturaz beteriko bizitza bati ekitea erabaki zuen. Telesaila Madrilen, Alacanten eta Budapesten grabatu dute, eta 50 minutuko bederatzi kapitulu ditu. Donostian lehenengo hiru kapituluak emango dira.

Movistar+ek eta Telemundo International Studios ekoiztetxeak ekoitzia DLO Producciones taldearekin elkarlanean, Oriol Pla, Pablo Derqui, Pierre Kiwitt, Will Keen, Maria Pia Calzone eta Stefan Weinert aktoreek antzeztu dute, Irene Escolarrez gain.