Prentsa oharra

Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ikastaroaren aurrez aurreko modalitateko lekuak agortu egin dira, baina oraindik matrikula egin daiteke ikastaroa ‘online’ modalitatean zuzenean egiteko.

Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika UPV/EHUren Udako Ikastaroa datorren astean egingo da, irailaren 1etik (asteartea) irailaren 3ra (osteguna) bitartean. Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatua, jaialdiak aztertzeko sarrera bat proposatzen du ikastaroak, eta iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko elkarrizketak ezartzen ditu. Hitzaldiek nazioarteko zinema-jaialdien historia aztertuko dute, eta aldaketa sozial eta politiko garaikideekin duten lotura, eta mahai-inguruetan, aldiz, zinema-jaialdion orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidarentzako lekua egongo da.

Ikastaroaren zuzendaria Pablo La Parra Pérez izango da, EQZEko ikerketa saileko arduraduna eta Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektuaren ikertzaile nagusia bera. Bere hitzaldian, La Parrak 68 luzearen hausturak izango ditu hizpide, eta, bereziki, Donostia Zinemaldia Trantsizioan izango da hizketagaia: Zinemaldiaren 68 berantiarra. Caroline Moine ikertzaileak (Versailles Saint-Quentin-en-Yvelines Unibertsitatea) Zinema eta Gerra Hotza eta Zinema-jaialdien jaiotza Alemania zatitu batean izango ditu hizpide, eta Aida Vallejok (UPV/EHU), aldiz, Zinema-jaialdien ugaritzea maila globalean eta “emanaldi eredu espezializaturako” joera izango ditu hizpide, zinema dokumentaleko jaialdietan arreta jarrita.

Zinema-jaialdiei buruzko ikerketa kritiko eta konparatua hiru mahai-ingururekin osatuko da. Paz Lázaro, Berlinaleko hautapen-batzordeko programatzailea, eta Marta Selva, Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiaren zuzendaria, feminismoaz eta jaialdietako genero-arrakalaz ariko dira; Charlotte Serrand Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldiko hautesleak eta Víctor Iriarte Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programaren arduradunak zinema-jaialdien XXI. mendeko programazio-erronkak aztertuko dituzte; eta Alejandro Díaz Castañok (FICX Gijón), Vanesa Fernández Guerrak (ZINEBI) eta José Luis Rebordinosek (Donostia Zinemaldia) estatu espainiarreko zinema-jaialdien erronkak eta ikuspegiak izango dituzte hizpide. Moine, Serrand eta Selva ez dira Donostiara bertaratuko eta telematikoki hartuko dute parte.

Zinema-ikerketako eta -industriako profesionalen bilgune honen xedea da zinema-jaialdien gaineko eztabaida sustatzea, ikuspegi kritiko, historiko eta konparatuan oinarrituta, zinema-jaialdien, zinema-kulturaren eta aldaketa historiko eta sozial nagusien arteko lotura ulertzeko. Azterketa-kasuak landuko dituzte, nazioarteko zinema-jaialdien artxiboen gainean egindako ikerketak oinarri hartuta, jaialdion eginkizun politikoari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko.

Lekuak agortu egin dira aurrez aurreko modalitatean, baina oraindik matrikula egin daiteke ikastaroa Zoom bidez zuzenean egiteko (www.uik.eus).