Prentsa oharra

Nola esperientzia handiko zinemagileak –hala nola Icíar Bollaín eta Santiago Segura– eta hala hasiberriak –esaterako, Pilar Palomero eta Nuria Giménez– bilduko ditu Sailak.

Donostia Zinemaldiak nazioarteko hedapenerako plataforma bat eskaintzen dio Espainiako zinema berriari, eta Made in Spain Saila horren adierazgarri da; 68. edizio honetan zortzi ekoizpen hautatu dira sail horretarako, zazpi film luze eta Escenario 0 telesailaren lehen kapitulua. Espainiako nahiz nazioarteko zinema-jaialdietan parte hartu duten lanak daude aurtengo hautaketan, eta nola esperientzia handiko zinemagileak –hala nola Icíar Bollaín eta Santiago Segura– eta hala hasiberriak –esaterako, Pilar Palomero eta Nuria Giménez– bilduko ditu.

Film laburretan hainbat aldiz parte hartu eta zinema- eta telebista-gidoilari gisa lan egin ondoren, Pilar Palomerok (Zaragoza, 1980) film luzeen zuzendari gisa debutatu du Las niñasekin, eta Espainian 90eko hamarkadaren hasieran jasotako hezkuntzaren bidez egin digu egileak egungo emakumeen belaunaldi-erretratu hori. Filma Berlingo Zinemaldiko Kplus Generation programan estreinatu zen eta Málagako Jaialdian bi sari irabazi berri ditu: Espainiako Film Onenaren Urrezko Biznaga eta Argazkilaritza Onenaren Zilarrezko Biznaga Daniela Cajíasentzat.

Hain zuzen, Málagako Jaialdia La boda de Rosa filmarekin inauguratu zen; 45 urte betetzear dagoela, bizitzaz aldatzeko asmoa duen emakume baten rola egiten du bertan Candela Peñak. Filmak Epaimaiharen Sari Berezia eta Emakumezko Aktore Sekundario Onenaren Zilarrezko BIznaga (Nathalie Poza) irabazi ditu. Icíar Bollaínen (Madril, 1967) azken lana da, zeinak Te doy mis ojos (Hautaketa Ofiziala, 2003) filmarekin Zilarrezko bi Maskor irabazi baitzituen bi protagonistentzat eta Yulirekin (Hautaketa Ofiziala, 2018), berriz, Epaimahaiaren Saria Gidoi Onenari. En tierra extraña (Emanaldi Bereziak, 2014) filmarekin ere aurkeztu zen Zinemaldian.

My Mexican Bretzel –Nuria Giménezen (Barcelona, 1976) lehen lana– filmak hiru sari eskuratu zituen Gijóngo Jaialdian: Film Onena, Gidoi Onena eta Zuzendari Onena; gainera, Rotterdamgo Jaialdian izan zuen nazioarteko estreinaldia, eta Found Footage saria lortu zuen bertan. Filmak fikziozko eta ez-fikziozko elementuak nahasten ditu, Vivian Barretten egunerokoaren birsorkuntzak eta Léon Barrettek XX. mendeko 40ko eta 60ko hamarkadetan filmaturiko irudiekin konbinatzen baititu.

Laura Herrero Garvin (Toledo, 1985) film luze eta labur dokumentalen zuzendari esperientziadunak ere Made in Spain Sailean parte hartu du La Mamirekin, zeina Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatu zen. Egilearen azken filma –Bartzelonako D’A Film Festival jaialdian eta IDFA Amsterdamgo Zinema Dokumentaleko Jaialdian aurkeztua– Mexikoko kabaret ospetsu batean igarotzen da, non emakume batek lagundu egiten baitie dantzari iritsi berriei.

Irene Escolarrek eta Bárbara Lenniek ekoitzi dute Escenario 0, sei kapituluko telesaila HBO Europerako, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen egile, zuzendari eta antzezle nabarmenen partaidetza izan duena. Zinemaldian Hermanas izeneko lehen kapitulua ikusi ahalko da, Pascal Rambert (Niza, 1962) antzerkigile frantziarrak eta Diego Postigo (Brusela, 1974) zuzendari espainiarrak sinatu dute Ramberten izen bereko antzerkilan honen ikus-entzunezko egokitzapena. Bertan, desadostasun bateraezinak dituzten bi ahizparen rolak dituzte Escolarrek eta Lenniek.

Bestalde, Jaione Cambordak (Donostia, 1983) bere lehen film luzea estreinatuko du, Arima, zeinarekin Zuzendari Onenaren Saria irabazi baitzuen Sevillako Europar Zinemaren Jaialdiko Nuevas Olas sailean. Halako batean bi kanpotar iristean bizitza aldatuko zaien lau emakumeren eta neskato baten istorio hori zuzendu ondoren, donostiarra bere bigarren proiektua ari da lantzen gaur egun, El cuerno del centeno, zeina Ikusmira Berriak egonaldi-programan hautatu zen.

Paula Cons Varelak (Coruña, 1976) Shangaiko Jaialdian estreinatu zuen La isla de las mentiras, eta Atzerriko Film Onenaren Saria irabazi zuen bertan. Film horrek –egilearen fikziozko lehen film luzeak– “Titanic Galiziar” izenez ezagutu zen itsasontziak 1921ean izandako urperaketaren benetako historia ekartzen digu gogora. Consek La batalla desconocida (2017) eta El caso Diana Quer, 500 días (2018) dokumentalak sortu zituen.

Azkenik, Padre no hay más que uno lanaren lehen zatiaren emanaldia bilduko du Made in Spainek; Santiago Segurak (Madril, 1965) zuzendu eta antzeztutako arrakasta berriak aita baten istorioa kontatzen digu, zeina bost seme-alaben ardurapean geratzen den bere emazteak bidaia bat egitera erabakitzen duenean. Torrente sagaren sortzaileak istorioaren bigarren zatia estreinatu berri du zinema-areto komertzialetan: Padre no hay más que uno 2: La llegada de la suegra.